Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen izango dira proiekzinoak

Bizkaie! 2026-09-28 11:35

Urritik abendura bitartean, Klasikoak sailak hamaika film proiektatuko ditu.

Programazinora batu ditue Casablanca (Michael Curtiz, 1942), Safety Last! -Euli gizona / El hombre mosca- (Fred C. Newmeyer, Sam Taylor, 1923), Yôjinbô -Yojimbo- (Akira Kurosawa, 1961), Queen Kelly -Kelly erregina / La reina Kelly- (Erich von Stroheim, 1929), La ciociara -Dos mujeres- (Vittorio de Sica, 1960), La reine Margot -La reina Margot- (Patrice Chéreau, 1994), El cebo (Ladislao Vajda, 1958) eta Voldtekt -Violación- (Anja Breien, 1971)

Bestalde, Jeanine Meerapfel zuzendari argentinar-alemaniarra La amiga (1988) filma aurkezten izango da Donostian eta Bilbon; eta Gerald Duchaussoy Cannes Classics Programazioko zuzendariak, berriz, The Sugarland Express -Loca evasión- (Steven Spielberg, 1974)

Kontuak kontu, ikusgai izango da Ander eta Yul (Ana Díez, 1989), Euskadiko Filmategiak eta EITBk Eusko Jaurlaritzaren babesagaz zaharbarritu ondoren, eta, kasu honetan, zuzendari tuterarrak berak aurkeztuko dau Iruñean, Nafarroako Filmotekeagaz lankidetzan.

Klasikoak sailak beste hamaika film emongo ditu urritik abendura Gasteizen (Artium Museoa), Bilbon (Arte Ederren Bilboko Museoa), Donostian (Tabakalera), Iruñean (Golem) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect). Programa hori Donostia Zinemaldiagaz lankidetzan dator. Irailean hasi zan José Giovanniri eskainitako atzerabegirakoagaz eta Zinemaldiaren Klasikoak sailagaz eta datozen hiru hilabeteetan be zinemearen historiako titulu handiak deskubriduten edo barrikusten jarraitzea proponiduten dau.

Zikloa urriaren 7an hasiko da Gasteizen Casablanca (Michael Curtiz, 1942) filmagaz. Klasiko horretan Ingrid Bergman eta Humphrey Bogart dira protagonista, eta Euskadiko Filmategiak bere historian lehenengoz emongo dau. Programautako hurrengo filma Safety Last! da -Euli gizona / El hombre mosca- (Fred C. Newmeyer, Sam Taylor, 1923), zinemako eszena ikonikoenetako bat dauen pelikulea: Harold Lloyd, Los Angeleseko eraikin bateko erlojuaren orratzetik zintzilik; ondoren, Yôjinbô -Yojimbo- (Akira Kurosawa, 1961) filma helduko da: herri batean alkarren kontra dabizen bandoetako bat hautatu beharko dauen samurai baten erretratua; hurrengoa, El cebo (Ladislao Vajda, 1958), Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Asteagaz lankidetzan proiektauko dana eta neskato-hiltzaile suitzar ilun baten historia kontetan dauena.

Lan horietaz aparte, beste zenbait klasiko ere izango dira ikusgai. Horien artean, Queen Kelly -Kelly erregina / La reina Kelly- (Erich von Stroheim, 1929), zazpigarren artearen historiako titulu handienetako bat, Gloria Swanson protagonista duena eta amaitu gabe gelditu zena zuzendariaren eta antzezlearen arteko liskarren ondorioz; La amiga (Jeanine Meerapfel, 1988), Liv Ullman, Cipe Linkovsky eta Federico Luppirekin —bi protagonistek emakumezko antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuten urte hartako Donostia Zinemaldian; Liv Ullmanek lehenbizikoz eraman zuen pantaila handira Maiatzeko Plazako ama bat, eta Jeanine Meerapfel zuzendaria izango da Donostiako eta Bilboko saioak aurkezten -azken hau Zinebiren lankidetzarekin antolatutako pasea da-; eta La ciociara -Dos mujeres- (Vittorio de Sica, 1960), Alberto Moraviaren izen bereko eleberriaren bertsio zinematografikoa, zeinean Sophia Loren ikusiko baitugu alabarekin gerrako izugarrikeriatik ihes egin nahian.

Aurtengo Klasikoak edizioak emakumezkoak protagonista dituzten lan gehiago ere programatu ditu: La reine Margot -La reina Margot- (Patrice Chéreau, 1994), Isabelle Adjanik antzeztutako Margarita de Valoisen bizitza deskribatzen duen zinema historikoaren erakusgarririk onenetako bat; eta Voldtekt -Violación- (Anja Breien, 1971), Norvegiako sistema judiziala eta polizia-ikerketa xehakatzen dituen filma.

Azkenik, The Sugarland Express -Loca evasión- (1974) proiektatuko da, Steven Spielbergen opera prima, zeinean Goldie Hawn eta senarra legeari ihes egiten saiatuko baitira semea berreskuratzeko. Filma 2024ko Cannes Classics edizioan proiektatu zuten, eta, horregatik, Gerald Duchaussoy Programazioko zuzendaria gonbidatuko dute lan hori Donostian eta Bilbon aurkeztera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu