Azkuna Zentroak Donostia Zinemaldiko 11 filma eskainiko ditu

Bizkaie! 2026-09-29 07:50   Zinemea

Erosi sarrerak hemen.


Jose Luis Rebordinos eta Txomin Olabarri.

Prentsaurrekoan Txomin Olabarri, Azkuna Zentroko zuzendari nagusia eta José Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendaria izan dira eta programa honen barruan bart Bilbon estreinautako Inurri Itsuak filmeko lantaldeko hainbat kide izan dira: Igor Legarreta zuzendaria; Urko Olazabal, protagonistea; eta Iker Ganuza, filmaren produktorea dan Lamiak etxeko ordezkaria.

Hamaika film ikusi ahal izango dira jatorrizko bersinoan, zirkuitu komertzialean estreinau aurretik.

Zinemiran estreinautako Igor Legarretaren Inurri itsuak filmagaz ekin jako programeari. Legarretak eta Andoni de Carlosek euskeraz idatzitako gidoiak Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberri entzutetsua dau oinarri, 1930eko hamarkadako Espainian kokatutko biziraupen-istorio bat, 1961ean Nadal Saria irabazi ebana. Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santos dira filmeko protagonistak, eta Bizkaiko hainbat lekutan filmau dabe.

Sail Ofizialetik lau proposamen helduko dira Bilbora, familia-hartu-emonak eta eraldaketa personala ikuspegi askotatik aztertzen dituen lau lan, Zinemaldian sarituak izan diranak: 5 minutos más komedia, Javier Ruiz Calderak zuzendua eta Berto Romerok idatzia, gidoilari lanetan lehenengoz. Romero, gainera, protagonistetako bat da, Belén Cuesta eta Javier Cámaragaz batera. Azken honek, taldeko interpretazino onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi dau. Bestetik, Suediatik helduko da Garrat du váimmu, Amanda Kernellek zuzendutako filma, zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi dauena. Bertan, neska gazte baten burrukaldia ezagutuko dogu familiaren edur-oreinen taldeari bizirik eusteko, haren mugak gaindituz eta bere benetako amodioari uko eginez. Zuzendari honek Europa Cinemas Label Award eta Veneziako zuzendari barririk onenaren Fedeora saria eskuratu zituan Sami Blood (2016) filmagaz. Bere bigarren film luzea, Charter (2020), Sundancen lehiatu eta Suedia ordezkatu eban Oscar sarietan.

Muyou no Hito filma Maha Harad idazle japoniarraren debut zinematografikoa da eta FIPRESCI saria jaso dau bere kalidadeagatik; sari hori Zinema Prensearen Nazinoarteko Federazinoak emoten dau. Gidoi propioa dakar, berak idatzitako An Unnecessary Man eleberrian oinarritua. Museoko emakume langile baten istorioa dau aztergai, giltz misteriotsu bat jasoten baitau, daborduko hilda dagoan bere aita urte batzuk lehenago bizi izan zan gelea edegiteko. The Debut filmak Julianne Moore eta Paul Giamatti ditu protagonista. Istorio honetan, etxekoandre lotsati bat musika-izar bihurtzen da ezustean. Jesse Eisenbergek idatzi, zuzendu eta produzidu dau filma eta, gainera, aktore lanak be egin ditu eta jatorrizko musikea eta berbak egin ditu. Filmak Feroz Saria jaso dau, Espainiako Zinema Informatzaileen Alkarteak emoten dauen saria.

Perlak ataleko film-aukeraketan, Tangles dago, Leah Nelsonen debuta animazinoko film luzeetan. Familia batek jaioterrira egindako bueltea eta memoriaren narriadurea dira protagonista. Filmak Sebastiane Saria irabazi dau, LGBTIQA+ kolektiboaren errealidadeak eta balioak ondoen islatzen dituen lanak autortzen dituan saria eta, besteak beste, Julia Louis-Dreyfus, Abbi Jacobson, Bryan Cranston eta Seth Rogenen ahotsak ditu. Atal honetako The Invite filma be izango dogu ikusgai. Olivia Wilde zuzendariak egindako satira honek komedia eta dramea buztartzen ditu, bikote-bizitzan agertu daitekezan arrakalak aztertzeko. Seth Rogen, Penélope Cruz eta Edward Norton dira filmeko protagonistak. Sundancen aurkeztu eta oso harrera ona izan eban kritikarien artean.

Atal hau osotzeko, Zinemaldian Gazteak, zinema, memoria eta demokrazia izenpean proiektautako film bi ditugu. Lehenengoan, Pawel Pawlikowski gerraondoko Europara joten dau barriro Fatherland lanagaz. Aldi hori jorratua eban lehenago, ingelesez besteko filmik onenaren Oscar saria irabazi eban Ida (2013) lanean, eta Cannesen zuzendaririk onenaren saria eskuratu eban Cold War (2018) filmari esker. Film barriak hartu-emonak ditu ardatz: Thomas Mann idazlearen eta aktore, idazle eta automobilismo-pilotua izan zan bere alaba Erikaren artean izandakoa.

Bigarren filma Cristian Mungiu-ren Fjord da, Canneseko Urrezko Palma irabazitakoa. Istorioan, Errumania-Norvegiako bikote bat urruneko komunidade batean kokatzen da, eta euren hezkuntza-metodoek susmoak biztuten ditue biztanleen artean.

Bestalde, Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan programeak umeentzako film-moltsoa proponiduten dau, esperientzia zinematografikoaz familiartean gozetako. Astegoienean, Tafiti eta lagunak eta Maracuda filmak egongo dira ikusgai. Lehenengoa animalien fabula bat da, kulturen arteko adiskidetasuna ardatz dauena; bigarrena, barriz, kutsu baldar eta fantastikoa dauen abenture, estralurtar magikoak eta dinosauroak Paleolito garaian batzen dituana. Biak euskerara bikoiztuta proiektauko dira.

2012tik, Azkuna Zentroa eta Donostia Zinemaldia alkarlanean dabiz urtero Donostiako jaialditik igaroten diran filmeen aukeraketa bat urira hurbiltzeko. Hitzordua Zinemaldia amaitu ondorengo astelehenean hasten da eta aste osoan zehar izango da aukerea. Hamalau edizinoetan 31.000 lagun baino gehiago batu ondoren, Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan ezinbesteko hitzordu bihurtu da zinema garaikide onena ezagutzeko.

Danetara, 119 film izan dira programazino honen parte. Jatorrizko bersinoan eta estreinaldi komertzialaren aurretik ikusteko aukerea eskaintzen dau programeak, bai estreinau bako filmak, bai nazinoarteko jaialdi nagusietan publikoaren eta kritikearen autortzea jaso daben lanak. Hautaketea Donostia Zinemaldiagaz batera egiten da, jaialdia hasi aurretik eta palmaresa aldez aurretik ezagutu barik. Halan da be, edizinoz edizino, saritutako filmek be lekua izaten dabe programan, baita Urrezko Maskorra irabazitakoek be. Bat-etorte horrek agerian ixten ditu hautaketearen erispidea eta kalidadea.

Euskal zinemaren presentzia ere etengabea da programan: urtero euskal produkzinoko edo euskal sorkuntzako filmak batzen ditu, hareen ibilbidea zabaltzen eta publiko barriakana hurbiltzen lagunduz. Horrezaz gan, zenbait lanetako talde artistikoakaz topaketak egiten dira. Bertan, sormen-prozesuak konpartiduten ditue ikusleakaz eta esperientzia pantailatik harago zabaltzeko aukerea eskaintzen dabe.

Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan publiko askorengana zabaltzen da, astean zehar ikastetxeakaz adostutako saioen eta astegoieneko familientzako emonaldien bidez. Urtez urte, nazinoarteko zinema-jaialdi nagusietako baten programazinoa Bilbogaz lotzen dauen programa da, zinema-begirada barriak ezagutzeko, konpartiduteko eta gozetako espazio bat sortuz.

 Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu