'Esperantza’ eta 'Eskuak’ lanek irabazi dabe Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketea
2026-09-25 08:05 ZinemeaDonostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzeak atondutakoa da lehiaketea.

Josu Ozaitak zuzendutako Esperantza filmak eta Mikel Urretabizkaiaren Eskuak irabazi ditue, hurranez hurran, Eusko Label mikrofilm laburren laugarren lehiaketako lehenengo eta bigarren sariak. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzeak atontzen dabe ekimena, HAZIren bidez (Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko enpresa publikoa), eta helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko hurbileko produktua zabaltzea eta babestea zinemearen bitartez, bai eta gure nekazaritzea, abeltzaintzea eta arrantza-munduan jasangarritasunari buruzko guztia sustatzea eta ezagutarazotea be.
Sailkatutako ganerako film laburrak ondokoak izan dira: Mendialdeko ogia, Unai Ruiz; Txalupa Mutila, Josu Ozaita; Hats /Hálito_Soplo / Hats /Breath_Blowing, Izaskun Álvarez Gainz; Si alguien quiere ligar conmigo, que me invite a comer bien, Marta Hernáez Susperregui; Del huerto al plato, Veniamin Garshin; eta Talo, Maddi Arzallus.
Esperantza filmak irabazi dau lehenengo Eusko Label saria, 6.000 eurokoa; lan horrek antropologa bat Getariko bizitzan zelan eta zertan dabilen erakusten deusku, arraina jateko munduko lekurik onena zergaitik dan deskubriduteko. Eskuak lanak, barriz, bigarren saria irabazi dau, 4.000 eurokoa, eta esku batzuen bidez Idiazabal gaztaia lako kalidade bikaineko produktuen elaborazino prozesua irudikatzen dau.
Raimundo Ruíz Eskudero HAZIko zuzendari nagusia izan da epaimahaiburua. María Alcantara Garlaneko lekale eta kalidade arduraduna eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria izan dira epaimahaian. Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuordea eta Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordea be izan dira ekitaldian.
Sari-banaketea Donostiako Aquariumean izan da bart, baita lan irabazleen eta finalisten lanen proiekzinoa be. Eusko Label Saria Jatorria: Euskadi sailean kokatzen da, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzeak atonduta HAZIren bitartez, eta jarduera bi ditu. Batetik, Eusko Label Saria, eta bestetik, Ondarea. Euskal Sukaldaritza Barriak, 50 urte / Ondarea. 50 Years of New Basque Cuisine filmaren proiekzinoa Victoria Eugenia Antzokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
