Darío Urzay-ren instalazino batek Guggenheim Bilbao Museoaren arkitekturea eraldatuko dau
2024-03-19 12:54 KultureaAthletic Club, zale guztiak eta Bilbo bera animetako helburuz.
Athleticek apirilaren 6an Sevillan jokatuko dauen Errege Kopako finalaren harian, Museoak erronkea proponidu eutson Darío Urzay artista bilbotarrari: artelan bat sortzea, futbol-taldea biziten egoan momentu bikain honetan Guggenheim Bilbao Museoaren babesa transmitiduteko. Urzayk onartu egin eban erronkea, eta Shoot Strokes obra-multzoa da horren emoitzea. Lanak datozen egunetan egongo dira Museoaren kanpoaldeko fatxadan ikusgai, behin instalazino-lanak amaituta.
Frank Gehryren arkitekturearen eskaleagaz bat etorriz sortua, tamaina handiko argazki-multzo bat da Shoot Strokes. Irudiotan, Darío Urzayk argazki-kameraz egindako brotxakadaz jaso ditu Bilboko argiak, uriaren historian ardatz izandako itsasadarra eta Athleticen koloreak. Irudien formatu luzangak futbol-zelaiko ateak dakaz gogora, eta badirudi Urzayk bertara jaurti dauela bere shoota edo baloikadea: kamerearen kliska, Action Painting dalakoaren estilorik garbienean egina.
Obrak fatxada osoan zehar instalauko dira, han-hemenka. Holan, Museoak ez ohiko itxurea hartuko dau taldea animetako eta, Athleticek irabazi ezkero, apirilaren 11n itsasadarrean gabarreagaz egingo dan ospakizun herrikoi handiagaz bete-betean bat egiteko.
Darío Urzay Museoaren Bilduman
Shoot Strokes Darío Urzayk 1991n hasitako Camerastrokes sailagaz bat dator. Artistearen eretxiz, espresionismo abstraktuko keinu-pintore baten brotxearen mobimentua kamereagaz imitatuz egindako argazkiak dira, eta horreetan erabilitako ‘materia’ argia da [1]
Erronkeari aurre egiteko Darío Urzay hautatu izanak badau arrazoia, artisteak hartu-emonak baititu bai Guggenheim Bilbao Museoagaz, baita Athletic Clubgaz be. Orain hamarkada bi baino gehiago, Urzayk Athleticen kamisetea egin eban 2004ko UEFA Koparako, eta 1997tik Museoaren Bilduman dagoan Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean obrearen zati bat erabili eban diseinu ha egiteko.
2013an, artistearen dohaintzari esker, Urzayren beste lan bat sartu zan Museoaren Bilduman, aurrekoaren aldi berean egina: Frakzioa (Mikrobertsoa II).
Ingelesen zelaia: Foot Ball zaletasuna jaio zan lekua eta Museoaren kokalekua
Guggenheim Bilbao Museoa Ingelesen zelaia izenez ezagutzen dan eremuan kokatuta dago. Leku horretan bertan, XIX. mendearen amaieran, MacAndrews ontzi-enpresako langile britainiarrek baloiagaz olgetan emoten eben beren denpora librea. Holan, zelai horretan, Bizkaiko beste hainbatetan bezelaxe, laster hasi ziran bertakoak be Foot Ball izeneko olgeta barrira olgetan, eta horixe izan zan Athleticen ernamuina.
Mundu osoan zehar dozenaka mila zale dituan Athletic Club 1898an sortu zan eta nortasun eta kohesino-elementu garrantzitsua da bizkaitarrentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!