Eduardo Chillidaren sorkuntza-prozesuak eta nortasuna Donostian

Bizkaie! 2024-03-18 10:53   Kulturea

Jesus Uriarte argazkilariaren begiradeari eutsiz. 


Jon Uriarte

Aurten beteten dira ehun urte Eduardo Chillida jaio zala eta Kutxa Fundazinoak urteurren hori gogoratu eta horren harian atondu da Jesus Uriartek egindako argazkien erakusketea: Jesus Uriarte. Chillida lanean.

Eduardo Chillidaren eskultura bat bere logotipoan 1990etik erabilteaz gan, Kutxa Fundazinoak zeregin garrantzitsua izan dau Chillidaren ondarea jagon eta sustatzeko. Bere lanagaz zerikusia daben erakusketa, ekitaldi eta jarduerak atontzen lagundu dau, eta Jesus Uriarte. Chillida lanean erakusketa hau beste mugarri bat izango da.

Erakusketeagaz batera, La Fábricak eta Kutxa Fundazinoak katalogo eder bat argitaratu dabe eta, horren bitartez, 80ko hamarralditik honako Chillidaren lan-prozesuari buruzko informazinoa jasoko dogu; era berean, artistearen intimidade sortzailera hurreratzeko aukera izango dogu. Jarduera bi horreek balio handiko ekarpena egingo deutse egile honi buruzko ezagutzeari, baina aukerea emango deuskue argazkilari saiatu eta begirunetsuaren lanaren garrantzia azpimarratzeko. Ezin hobeto jakin eban Uriartek Eduardo Chillidaren alboan egoten, haerk berak esan bezela, trabarik egin barik. Uriartek profesionaltasun eta sentiberatasun handiz fotografiau zituan prozesu horreek unez une eta konplizidade handiz.

Jon Uriarte izan da erakusketearen komisarioa, eta lau atal tematikotan egituratu dau erakusketea (papela, lurra, altzairua eta hormigoia). Banaketa horrek erakusten deusku artistearen lanaz harago, zelan aldatzen diran argazkilariaren lan-baldintzak batetik bestera, argazkilaria saiatzen baita sorkuntza-prozesuaren oinarrizko alderdiak antzemoten oztoporik egin barik, produkzino-ingurunearen ezaugarrietara egokituz. Komisarioaren eretxiz, prozesuan parte hartzen daben espazioak, denporak eta personak erakusten ditue irudiek (…), sortzaile bien artean egoen hurrekotasunetik eta denporan izan eben lankidetzan oinarrituz.

Kontuak kontu, Tabakaleran egoitzea dauen Kutxa Fundazinoaren Artegunea Aretoan dago erakusketea. Chillida Lanean erakusketeak agirian ixten dau Jesus Uriarte argazkilariak Eduardo Chillidagaz 20 urte baino gehiagoz izan zituan hartu-emon profesionalak eta personalak. Marrazki xumeenetatik hasi eta eskultura monumentalenetaraino, Uriarteren argazkiek bere lan-prozesuaren alderdi intimo eta argitarabakoak dokumentatu zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu