Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatu dabe Donibane Lohizunen

Bizkaie! 2024-03-18 09:09   Kulturea

Lapurdiko udalerri horretako Verdun etorbidean egin da landaketea.

Ekitaldian egon dira Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buru Ana Otadui Biteri, Donibane Lohizuneko alkate Jean-François Irigoyen, eta kostaldeko udalerriko herritarrak zein ordezkari politikoak.

Ipar Euskal Herrian Gernikako Arbolearen beste oinordeko bat dabe daborduko, Euskadiko eskubide historikoen, askatasunen, bakearen eta demokraziaren euskal sinbolorik unibersalenaren ondorengo bat landatu baitabe Donibane Lohizuneko Verdun etorbidean, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izandako Jose Antonio Agirre Lekuberen omenez. Hain zuzen be, Lapurdiko herri horretan lurperatu eben Agirre, eta ha hil zala 64 urte beteko dira datorren martiaren 20an.

8 urteko haretx-aleak Donibane Lohizuneko hildakoen monumentu ezagunaren alboan egingo ditu sustraiak.

Poza adierazo dau gaurtik aurrera Gernikako Arbolearen leinu urtetsua Agirre lehendakariaren, euskal askatasunen alde burrukatu zan buruzagiaren gorpuzkinak gordetan dituan lurrera zabalduko dalako. Eta zer hobea, Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatzea baino, “ha da-ta, hain zuzen be, askatasunaren, demokraziaren, eskubide historikoen eta bake nahiaren ikur”, nabarmendu dau Otaduik.

Era horretan, Donibane Lohizuneko Udalaren beraren ekimenez landatutako haretx gaztea daborduko Ipar Euskal Herrian errotutako Gernikako Arbolearen beste oinordeko batzuei gehituko jake. Danetara, 400 ale baino gehiago dagoz munduan zehar, Bizkaiko foru-kamarearen erregistro eguneratuaren arabera. Donibane Lohizunekoak parke horretara hurreratzen diran guztiei gogorarazoko deutse “hemendik oso hur dautzala bere herriaren askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen alde burrukatu zan gizon baten gorpuzkinak”, azpimarratu dau Batzar Nagusiak erakundeko buruak, Gernikako Arbolearen oinordekoaren egiazkotasuna bermatzen dauen ziurtagiria alkateari emon aurretik.

Oraintsu, Donibane Lohizuneko alkateak, Jean-François Irigoyenek, gutun baten bidez eskatu eban Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatzea bertan, uriak “joandako denporakaz loturea handitzeko eta mundura zabaltzeko dauen bokazinoa sinbolizetako”. Ekimenak aukerea emongo dau Bizkaiaren eta Donibane Lohizuneren arteko adiskidetasuna ospatzeko, izan be, Getxogaz –garai baten Agirre alkate izan zan udalerriagaz– senidetuta dago Donibane Lohizune.

Zugatzaren ondoan plaka bat jarri da, kimu bakotxari urteetan jarritako inskripzinoagaz:

Gernikako Haretxaren leinukoa.

Euskal Herriaren askatasunen

eta bake gogoaren ikurra.

1937an, herritar zibilen aurka munduan

berariaz egindako lehen bonbardaketa

jasan eban Gernikak. Pablo Picassok horren

gomutaz egin eban Guernica artelana.

Gernikako arbola da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Eman ta zabal zazu munduan frutua. Adoratzen zaitugu, arbola santua.

Jose Maria Iparragirre (1820-1882)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu