Piarres Lafitteren artxiboa, Euskaltzaindian ikusgai

Bizkaie! 2024-03-14 12:19   Euskerea berbagai

Ikusi hemen.

Euskaltzaindiak webgunean eskegi dau Piarres Lafitte euskaltzale, idazle eta euskaltzain osoaren artxiboa. Egundoko bilduma dokumentala da Lafitterena, ezinbestekoa Euskal Herriko euskalgintzearen historia ezagutzeko. Konsultagai dagoan artxiboan ondoko dokumentu honeek ikus daitekez:

- Gutuneria. Berari zuzendutako gutunak eta kasu gitxi batzuetan berak idatzitakoak; hainbat aldizkari eta proiekturen partaidetzan jasotakoak.

- Piarres Lafitteren lanak. Hiru motatakoak dira:

  • Euskalgintzan, euskal literaturea eta Euskal Herriko historiaren ikerkuntzean, berak sortutako lanak.
  • Editore gisa biderautako hainbat edizinoren dokumentuak.
  • Hainbat egileengandik jasotako dokumentuak, nagusiki Herria aldizkarirako.

- Larresoro, Beloke eta Uztaritzeko ondare dokumentala; Ipar Euskal Herriko hainbat apaizen dokumentu sakabanatuak.

- Bertso bildumea. Ipar Euskal Herriko tradizinoari jarraituz, han-hemen jasotako bertsoak.

Artxiboaren ezaugarriak adierazoteko, Baionan, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko egoitzan izan dira gaur Jean Baptiste Coyos euskaltzainburuordea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Aitor Maritxalar, digitalizazinoaren arduradun teknikoa eta Jean-Michel Barnetche Uztaritzeko apez eta Piarres Lafitteren ikasle ohia.

Artxiboaren garrantziaz

Clément Mathieu apezpikuaren eskariz eta haren finantzaketagaz osotu eban Lafittek bilduma erraldoia, nagusiki Ipar Euskal Herriko jatorri askotako dokumentuak batuz. Piarres Lafitte (1901-1985) pertsonaia esanguratsua da Euskal Herriaren historian. 1945etik aurrera eta hil arte, Ipar Euskal Herriko euskalgintzearen erreferentzia nagusia izan zan, haren autoridadea eta itzala aho batez autortuak zirala.

  • Euskaltzainak batu zituan dokumentu eta artxiboen artean, ondoko honeek nabarmendu daitekez:
  • 956 personek igorritako gutunak (Euskal Herriko euskalgintzearen historia egiteko edo osotzeko iturri nagusietako bat, bereziki Iparraldekoa).
  • Iparraldeko idazleen lanen eta dokumentuen bilduma handi bat (idazle gehien- gehienak apaizak ziran eta horreen dokumentu asko Larresoron, Beloken eta Uztaritzen zeuden eta Lafittek batu zituan, ahanztura eta galbidetik salbatuz; zeregin horretan Clément Mathieu apezpikuaren agindua jaso eban, bai eta laguntzinoa be). Guztira, 168 dosier dagoz.
  • Lafitteren lanen zirriborroak, originalak, kopiak, Lafittek berak argitarautako hainbat idazleren lanen jatorrizkoa, eta antzekoak.
  • Bertsoen eta kanta zaharren bildumea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu