Finaleko seikotea prest zapatuko norgehiagokarako

Bizkaie! 2024-03-14 08:12   Bertsolaritzea

Martiaren 16an jokatuko da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala Gasteizko Printzipal Antzokian, 17:30ean.

Finalaren aurkezpena Printzipal Antzokian bertan egin dau Arabako Bertsozale Alkarteak. Patxi Aizpuruak aurkeztu ditu sei protagonistak bertan dirala: sei finalistak prest saio on bati eusteko eta txapela jazteko, Xabi Ricok jantziko deutso txapela irabazleari.

Aroa Arrizubieta

2001. urtean jaiotako gasteiztarra. Bigarren aldia da finalean parte hartuko dauela, 2019an parte hartu eban lehen aldiz. Seikoteko gazteena.

Asier Otamendi

Urretxun 1971. urtean jaioa. Lau aldiz irabazi dau Arabako txapela. Txapelketa Nagusian kantau dau.

Iñaki Viñaspre

Abetxukokoa, 1984an jaioa. 2004tik edizino guztietan finalista izan da. 2019ko txapelduna.

Manex Agirre

1982. urtean jaiotako aramaioarra. Birritan eskuratu dau txapela 2011n eta 2015ean. 2013 eta 2022ko Txapelketa Nagusian kantau eban.

Peru Abarrategi

1997an jaiotako aramaioarra. Hirugarren aldia da finalean parte hartuko dauela. 2022ko txapelduna.

Paula Amilburu

1994an jaiotako aramaioarra. Bigarren aldia da finalean parte hartuko dauela.

Kontuak kontu, finalista danak egon dira finaleko oholtza gainean beste edizinoren batean, eta euretako lauk jantzi dabe txapela. Urteetan egindako laneren emoitzea da finala, belaunaldien arteko loturez, transmisinoz, hamarkadetako Arabako bertsogintzearen bide honetan, lehen txapelketea jokatu zala 40 urte beteteraino. Finalerako emongo dabenaz eta helburu dabenaz be egin eben berba, lehiatzeko prest dagoz danak.

Arabako Bertsozale Alkarteak bistarazo nahi dau Arabako bertsogintzeak azken hamarkadetan egin dauen bidea.

Txapela Xabier Rico Iturriotzek jantziko deutso aurtengo txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea dauena 1984an, Arabako lehen Txapelketa haretan parte hartutako kideetako bat. Ordutik egundaino bertsolari, irakasle, epaile, gai-jartzaile eta atontzaile ibilitakoa. 2019ko kanporaketetan kantau eban azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Haren ibilbidea eskertu nahi deutso Arabako Bertsozale Alkarteak.

Sariak emoten Arabako bertso eskoletako kideak ibiliko dira:

- Aiaraldeko Bertso Eskolako Iñaki Cabeza.
- Legutioko Bertso eskolako Pantxika Agirre eta Maialen Rolón.
- Gasteizko Bertso Eskolako June Astegieta.
- Arabar Errioxako Txandrio Bertso Eskolako Iker Olabarrieta.
- Aguraingo Bertso Eskolako Borxa Sarasketa eta Oier Lopez de Gereñu.
- Mendialdeko Amaiur Garratzak.

Finalerako sarrerak erosteko Printzipal Antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira: takilan, telefonoz eta antzokiaren webgunean. Sarrera guztiak zenbakituak izango dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu