'Eugiko armategi artistikoa, Nafarroa'
2024-03-13 07:46 Kulturea2024ko martiaren 13tik bagilaren 2ra.
Obra Gonbidatua programeak bere izaera berezia berretsiko dau erakusketa honegaz, Banco Santander Fundazinoaren eskutik museora ekarriz lujoko armagintzako objektu multzo bat, Nafarroako Eugiko burdinola historikoan jatorria dauena. Ikusgai jarriko diran piezak Madrilgo Errege Armategian konserbetan dira, eta Ondare Nazionaleko Errege Bildumen parte dira.
XVI. mendearen azken hamarkadako eta XVII. mendearen lehen hamarkadetako hiru lan erakutsiko dira, kalidade bikainekoak: zelata bat (c. 1596), urre eta zidarrezko damaskinatuz oparo apaindua, Parisko Judizioko errodela (c. 1598), herentzia klasikoko gai eta hizkuntza formalak dituana, eta arkabuz bat (c. 1620), Eugin jatorria dauen su-arma ezagun bakarra izatea bereizgarri dauena. Horreekaz batera ekarriko da XIX. mendeko dokumentu sorta bereziki hautatu bat, honako ale honeek dituana: arma-lantegiak sortutako produkzino bikainenak agiri diran liburu ilustratu bat, Achille Jubinal Erdi Aroaren aditu frantsesak argitaratua, Charles Clifford (1) eta Jean Laurent (3) argazkilarien antxinako argazkiak, eta Lipako kondearen argazki-albumea. Eugiko piezek historian zehar sortu izan daben interesaren lekuko, danak be.
Eugiko Burdinola
XV. eta XVII. mendeen artean, Flandes, Alemania hegoaldea eta Italia iparraldea izan ziran Europako armagintzearen gune nagusiak. XVI. mendearen lehen erdian, espainiar koroak bereganatu zituan gune hareek baina Karlos V.a hil ondoren, 1558an, Flandes eta Milan geratu ziran lujo handiko gune legez hispaniar monarkiaren eremuan. Testuinguru haretan, barriz, euskal eta nafar arma-lantegiak nabarmendu ziran –orain arte oso ezagunak izan ez badira be–, adibide adierazgarriena baita Eugiko burdinola (Nafarroa).
Lau hamarkada eskasean –1595 eta 1634 artean–, sorkuntza artistiko aparta produzidu eban Eugiko burdinoleak, Espainiako ondare historikoko lujoko arma multzo bikainenetakoa. Iruñetik iparraldera kokatuta egoan, eta Europako gune handienetakotzat, kalidadez, eta italiar tradizinoaren adibide onenetakotzat hartua da gaur egun. Filipe II.aren interesari esker loratu zan lantegia; hain zuzen be, harek erosi eban eta haren ekimenez ibili ziran bertan lanean milandar armagileak. Lantegian sortutako oso obra gitxi konserbau dira gaur egun arte, Filipe III.agaz eta haren familiagaz lotuak, maila kronologikoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!