Dana prest Irunen, 23. Korrika hasteko
2024-03-11 13:40 Euskerea berbagaiMartiaren 14an, arratsaldeko 16:00etan hasiko da Harro Herri goiburupean.
Goizean goizetik giro ezin hobea izango da urian, hainbat ekimen iragarri baititue. Egun osoko jaia izango da Irungo herritarrek 23. Korrika-ri hasierea emoteko. Egitaraua goizeko 11:00ak aldera hasiko da Gazte Korrikagaz eta goiz osoan hainbat ekimenek alaituko dabe eguna, besteak beste, Muxikoak (Almudena Grandes plazan), bertso triki-poteoa eta artisau-azokea.
Ondoren, 15:30 aldera, 23. Korrika-ren hasiera-ekitaldia izango da, San Juan plazan jarritako oholtzan. Bertan, AEK-ko hainbat arduradunek hasierea emongo deutse lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz harpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak lagunduta.
Behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan hasiko da Korrika. Lehen kilometroa Bidasoako AEK euskaltegiko 11 irakaslek egingo dabe. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, Lehen kilometro horrek islatuko dau, alde batetik, euskeraz biziteko indarra; bestetik, Korrika-k hauspo izan nahi dau Irunen euskalduntze-lanak sendo aurrera egiteko.
Lehenengo gauaren bila Korrika-k Lapurdin barrena segiduten dauen bitartean, Irunen jaiak segiduko dau, kontzertu eta ekitaldi ugari (danak Mosku plazaren inguruan): Burrunba elektrotxarangea tabernetatik eta Esne Beltzaren zein Bad Sound-en kontzertuak agertokian. Horrezaz gan, txosna bi be egongo dira, Moskun bertan, 12:30etik gauerdira arte.
Irun, Korrika-ren alde
Irun izango da, beraz, eguen honetako protagonista nagusia, bertako AEK euskaltegiak eta herriko eragileek egindako lanari esker. Hilebeteetako ahalegina izan da, auzolan erraldoia, alkarlan handia eta martiaren 14rako uria prest izango da 23. Korrika-ren hasierara etorriko dan herritar moltsoari behar bezelako harrerea egiteko. Maddi Sanz hasiera-jaiaren koordinatzailearen esanetan, Korrika-k aukerea emon deusku Herriko euskaldun eta euskaltzale guztiok topez egin eta guk euskeraz bizi nahi dogula aldarrikatzeko. Irun euskaldun eta horregaitik harroa ezagutzera konbidau nahi dogu Euskal Herri osoa.
Azkenik, azpimarratu behar da Korrika-ren hasierea telebistaz (baita Interneten be) nahiz irratiz jarraitu ahal izango dogula zuzenean, hainbat hedabideren saioei esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!