Sebastian Llanoren dokumentazinoa berreskuratu dau Enkarterri Museoak
2024-03-11 12:31 KultureaSebastián Llano de la Quadra (1736-1793) Muskizen jaio zan.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Kultura Zentroak ahaztu ez daitezan Muskizeko semea zan diplomatikoaren gutun personalak atara ditu. Bertan, hain zuzen be, Danimarkaren, Suediaren, Errusiaren eta Prusiaren arteko gatazkak azaltzen ditu, baita sasoi haretako politikeari buruzko era bateko eta besteko informazinoa be.
Sebastián Llano de la Quadra (1736-1793) Muskizen jaio zan, Espainiako monarkiako kortean karguak euki zituan familia bateko kidea zan eta Europako enbaxada batzuetako arduraduna izan zan XVIII. mendeko lau hamarkadatan. Enkarterri Museoak 1770etik 1773ra bitartean Suediako enbaxadorea zanean berak idatzitako dokumentazinoa berreskuratu dau, eta sasoi haretako errealidade politiko europarraren adierazgarri da. Dokumentazino horren zati handi bat bere goragoko nagusiakaz trukautako gutun personalak dira eta, gaur egun, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Kultura Zentroaren webgunean dagoz ikusgai, digitalizetako aurretiaz egindako lanari esker.
Muskiztar honek curriculum bikaina dauka diplomatiko moduan. Austriako (1760-1763), Danimarkako (1763-1768), Suediako (1772-1775) eta Herbehereetako (1779-1789) enbaxadorea izan zan. Gutunetan jorratzen diran gai interesgarrienen artean, Suedian monarkia absolutistea barriro ezartzea sorrarazo eben mobimentu politiko europarrak agertzen dira. 1772an, Gustavo Suediako errege koroitu eben eta, handik gitxira, estadu-kolpea emon ebanez, parlamentuari poderea kendu eta absolutismora bueltau ziran. Haren gutunetan, Danimarkaren, Suediaren, Errusiaren eta Prusiaren arteko beste gatazka batzuen zehetasunak be agertzen dira, baita urte hareetako politika europarrari buruzko era bateko eta besteko informazinoa be.
Sebastián de Llano Espainiako monarkiako enbaxadorea zanez, mobimentu politiko hareetan guztietan egon zan. Hori dala-ta, bere goragoko kargudunei emoten eutsen informazinoa, eta bere eretxia be adierazoten eban bertan, bere dokumentu batzuetan irakurri geinken lez: 1765eko zezeileko itunean, Errusian eta Danimarkan [...] alderdi biak bete-betean ahalegindu ziran Suedian edozein gobernu-aldaketari kontra egiten, orduan jakinarazo neban lez [...] Prusiako erregeak bakarrik hainbat bider errepetidu deutso erregina ama honi, bere arrebeari (bere ahotik entzun dot, hain zuzen be), Berlinen daukan etxean, beretzat penagarria izango zala errege honek, bere lobeak [Gustavo], poderea edozelan eskuratzea....
Enkarterri Museoko Javier Barrio zuzendariarentzat, dokumentazino honetan adierazoten da bizkaitarrek munduan euki eben eragina hasiera baten pentsau geinkeana baino askoz be handiagoa izan zala. Batzuetan, geure arbasoetan pentsetan dogunean, arrantzaleak, baserritarrak edo burdinagaz lotutako familiak eta, batzuetan, nabegatzaile handiak be bajatorkuz burura. Edozelan be, haren eretxiz, beste gauza batzuk be egin genduzan, korsarioak, merkatariak zein indianoak egon ziran eta Europako herrialde askotako gatazka politiko zein sozialetan egon ziran politikariak eta enbaxadoreak be bai. Euren eragina behar dan moduan islatuta dago Enkarterri Museoaren webgunean ikusgai dagoan dokumentazinoan, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!