Kazetaritza Matxistearen Behatokia sortu da Bilbon

Bizkaie! 2024-03-08 11:02   Kulturea

Asmoa da agirian jartea hedabideen jokabide sexistak.

Proiektua sortu da UPV/EHUko Bitartez ikertaldearen eta Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Alkartearen alkarlanetik. Kazetaritza Matxistearen Behatokia aurkeztu dabe UPV/EHUko ikertzaileek eta Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Alkarteko arduradunek, Bilboko Itsasmuseumen. Proiektuaren oinarria da periodismomachista.com webgunea, eginkizuna baita hedabideen jardunean izaten diran sexismo kasuak bistaratzea eta matxismo muetearen arabera kategorizetea, profesionalek (emakume nahiz gizon) beren egunerokoan ebitau deiezan.

«Kazetaritza matxistea kazetaritza txarra da. Kalidade kontua da, ortografia akats bat edo ehuneko batean huts egitea izan daitekeena bezela. Ez dago kazetaritza matxista onik», adierazo dau Angeriñe Elorriaga UPV/EHUko ikertzaileak. Egitasmoaren zuzendaria da, erakunde berean ikertzaile be badan Iker Merchánegaz batera. Kontua ez da albistea eragin dauen jazoera matxista lez seinaletea, kazetariak haren barri emoteko modua matxistea izan dala salatzea baino. Albiste sexista bakotxean, esaten da zergaitik dan matxistea eta hedabideak erreakzionau dauen ala ez (informazinoa edita, borrau edo azalduz), eta hobetzeko proposamen bat egiten da.

Proiektuak jasotako lerroburu batzuk:

Leonor printzesearen dieta zorrotza, sasoian egoteko eta Gavi maitemintzeko.

Sara García, astronautea: Den-dena gustatzen zait, sukaldean aritzea, crochet egitea... edota nire
erropa eta nire altzariak nik neuk diseinatzea.

Mladenovic, Thiemen neska-laguna, irabazle binakakoetan Roland Garrosen.

86 urteko gizon edadetu bat inputatua, 82 urteko emaztearekin sexu hartu-emonak izaten saiatzeagaitik.

Harvey Weinsteinen ibilbidea amaitu duten emakumeak.

Isuna goizaldean emakume bati maitasun kantak abesteko deitzeagatik.

Unibersidadea-Enpresa-Gizartea deialdiaren barruan kokatzen dan egitasmo honek bultzadea emon nahi deutse kalidadezko ikerketeari eta ezagutzearen transferentziari, eta alkarlanaren emoitzea da, UPV/EHUko Bitartez ikertaldearen (euskal unibersidade sistemearen kalifikazino akademiko gorena jaso dauena) eta Pikara Magazineri (feminismoei buruz gaztelaniaz gehien irakurritako hedabidea) loturiko Emakume Kazetearen Alkartearen artekoa.

Pikarak esperientzia luzea dau kazetaritzearen kalidade arazo honeen analisian. Mª Ángeles Fernández argitalpenaren koordinazino taldeko kideak proiektuaren balioa nabarmendu dau: Kazetaritza ona egitea da dudan jartea ziurtzat joten den guztia. Beraz, lanbidean matxismo kasuak seinaleteak beragaz dakar istorioak hobeto kontetea.

Behatokiak urte bi egingo ditu lanean gitxienez eta material didaktikoa sortzea dau helburu, bigarren hezkuntzako eta komunikazino fakultadeetako ikasgeletan erabilteko. Elorriagaren eretxiz, gure ustez informazino hau baliogarria izan daiteke hedabideen irakurketa kritikoa sustatzeko. Erredakzinoetara eta kalera eroan behar dogu dabordukoo ohikoa dana Kazetaritzako, Publizidadeko edo Ikus-entzunezko Komunikazinoko ikasgeletan, matxismorik eza kalidade zantzu bat gehiago.

Webgunea euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eta informazino bakotxa argitaratutako hizkuntzan jasoten da. Proiektuak sare sozialak be baditu (Instagram, TikTok eta Twitter) sarri argitaratzen diran edukiakaz. Proposamena herritarrentzako zabalik dago eta postontzi bat erabili leikie hedabideetan topetan dituen jokabide sexisten barri emateko.

Bitartez

UPV/EHUko ikertalde finkatu bat, kalifikazino akademiko gorena jaso dauena euskal unibersidade sisteman. Hainbat diziplinatako 25 profesional dagoz taldean. Generoa dau ikerketa arlonagusi, komunikazinoagaz eta irakaskuntzeagaz dauen loturearen ikuspegitik.

Pikara Magazin Emakume Kazetarien Alkartea

Pikara Magazine hedabidea 2010ean sortu eben Bilbon, eta helburua da kalidadeko kazetaritza egitea ikuspegi feminista, kritiko eta transgresorea ardatz hartuta. Feminismoen inguruan munduan gaztelaniaz gehien irakurritako hedabidea da, eta 30 sari eta aintzatespen inguru jaso ditu eginiko lanagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu