II. Silver Film Festivalek adinkeria eta urte gehiago bizitea lako gaiak izango ditu aztergai
2024-03-08 09:44 KultureaMartiaren 11tik 16ra egingo da Bizkaiko uriburuan.
Tú & Yo Produccionesek, EDE Fundazinoak zein Silver Revolution Alkarteak sustatzen dabe eta Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, BBK Fundazinoa eta SGAEren babesa dauka.
Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak, Juan Ibarretxek, Eusko Jaurlaritzako Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Nerea Melgosak, eta zinemaldiko zuzendariak, Marian Gerrikabeitiak, Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu dabe Silver Film Festivalen (S/FF) bigarren edizinoa, eta adinkeria zein urte gehiago bizitea lako arloak jorratuko ditue.
Zinemaldia, Euskadin gai honi buruz egiten dan lehenengoa eta Estaduko bigarrena, hurrengo astelehenean, martiaren 11n, hasiko da zinemaldiaren aurreko jardunaldi biren bidez. Bilboko Campos Elíseos Antzokian, Inaugurazino Galea izango da, eta, bertan, Orgullo vieja filmaren estreinaldia egingo da Euskadin. Film horretan, bakarrizketak egin nahi dituan emakumeen taldearen hobekuntzearen historia azaltzen da.
II. Silver Film Festivalean 14 ekitaldi izango dira, eta, bertan, fikzinoa, dokumentala, bideo-jantzea edo serieak bateratuko dira, formatu laburrekoak nahiz luzekoak. Filmak Kanada, AEB, Uruguai, Argentina, Euskadi, Granada edo Sevillako egileenak izango dira. Atontzaileek honako gune honeek aukeratu ditue filmak emoteko eta zinemaldiko egitarauko beste jarduera batzuk eskaintzeko: Campos Elíseos Antzokia, Golem Alhóndiga zinema-aretoak, Guggenheim Bilbao Museoa eta Bilborock, baita Louise Michel zein Elkar liburudendak be.
Jakin badakigu -zinemaldiko zuzendaria dan Marian Gerrikabeitiak aurkezpenean azaldu dauenez- preminazkoa dala edadeagaitiko bereizkeriaren nondik norakoak zein diran ulertzea eta jakitea. Hori dala eta, zinemaldiko jardunaldi edegi biren berbagaia izango da adinkeria. Lehenengoa martiaren 14an, eguenean, egingo da Golem Bilbao zinema-aretoetan, La vida que no cesa liburuaren idazlea dan Manel Domínguezen eskutik.
Era berean, honako honeek parte hartuko dabe saio horretan: Iñigo Calvo-Sotomayor, Deustuko Unibersidadeko Zahartzapeneko Ekonomiako eta Estrategiako ikertzailea eta irakaslea; Elena del Barrio, Matía Institutuko ikertzailea eta zuzendarikidea; Rafael López-Arostegui, psikologoa eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako aholkularia; eta Vânia de la Fuente-Núñez, doktorea, antropologoa eta NBEk adinkeriari buruz egindako munduko lehenengo txostenaren egile nagusia.
Adinkeria (taldeen edo norbanakoen kontra hareen edadean oinarrituta gauzatzen dan diskriminazinoa) buruzko bigarren jardunaldia Guggenheim Bilbaon egingo da martiaren 16an, zapatu goizean. Jardunaldi horretan, Miriam Ocariz eta Eduardo Sourrouille artistak eta Petra Pérez galeristeak Artean Adinkeriarik dagoan ala ez izango dabe aztergai. Egun eta leku berean, María Blasco zientzialariak, CNIOko zuzendariak eta zelulak gaztetzeko kapaz diran entzimetan munduko aditu handienetakoa danak, azalduko dau ze hur gagozan 140 urtera arte bizitzetik.
SFFko barritasunak
- S/FFren edizino honetako barritasunen artean, martiaren 12an, martitzenean, Bilborocken egingo dan belaunaldien arteko jardunaldia nabarmentzen da. Egun horretan, Zorion Eguileor ezagutzen saioa eskainiko da. Aktoreak, hain zuzen be, zaleen klubak ditu mundu zabalean, eta oso-oso ezaguna da gazteen artean El hoyo filman Trimagasi izan zanetik.
- Martiaren 15ean, barikuan, Guggenheim Museoan gazteek eta ez hain gazteek ospea, lotsa, maitasuna... izango ditue berbagai, hau da, Andrés Serebrenik zuzendari argentinarraren La Abuela Sofia serie arrakastatsuan agertzen diran gaiak. Modu berean, atontzaileek iragandako zineko altxorra eskainiko dabe egitarauan, Cocoon filma, hain zuzen be. Bertan, gizatalde batek egoera larria bizi dau, zahartu bako betiko bizi nahi dauen edo bizitzako berezko ibilbideari ekin nahi deutson erabagi beharko dauelako.
- 2024. urtean, S/FF BilbaoArtegaz hasi da alkarlanean, proiektu artistikoak jorratzeko asmoz. Horrezaz gan, aurreikusi bezela, zinemaldian bertan, EITB Silver Saria emongo jako Euskadin lanean jarraitzen dauen jantzari eta koreografo beteranoenari: Begoña Kregori, hain zuzen. Sari horrek bere ibilbidea zein espiritua autortu eta sarituko ditu, baita etorkizuneko belaunaldientzako jakintza bialketa etenik bakoa izatea eta aurrera jarraitzeko orduan edadea eragozpena ez dala erakusten dauen eredua izatea be. Begoña Kregok Maneras muntaketea, jantza garaikidea jorratzen dauena, estreinauko dau martiaren 16an Guggenheimen, zinemaldiari amaierea emoteko.
Azkenik, Silver Film Festivalek Bizkaiko uriburutik kanpo joateko asmoari eutsiko deutso: aurtengo maiatzean, Lea Artibaiko Mankomunidaderaino joango gara, landa-ingurunean helduaroa arazoa ala aukerea dan jakiteko partaidetzazko jardunaldia egitea proponiduteko, azaldu dau Marian Gerrikabeitiak bere aurkezpenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!