Zirgari Sariak bardintasunaren esparruan aurrerapausoak emotea eskatzen dau
2024-03-08 08:54 KultureaBegoña Murgialday-k jaso dau Ohorezko Saria.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna autortzeko IX Premios Zirgari Sariak egin ditue, emakumeen eskubideei eta askatasunei lotuta izan diran aurrerapausoak azpimarratzeko ekitaldian.
Emakumeen Nazinoarteko egunaren barruan emon dira autortzak, ondoko honeei: Begoña Murgialday (Ohorezko saria), Mujeres con Ciencia (Proiektuaren saria) eta Andereak Alkartea, Indarkeria sexistearen kontrako Durangoko Plataforma (Erakundearen saria):
Ekitaldia BBK Aretoan egin dabe eta bertan izan dira ahaldun nagusia, Elixabete Etxanobe; ahaldun nagusiorde eta enplegua, gizarte kohesinoa eta bardintasuna sustatzeko saileko diputadua, Teresa la Espada; eta BBK Fundazinoaren gizarte ekintzako zuzendaria, Nora Sarasola.
Etxanobek, adierazo dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak jarduketa-eremu guztietan ezarriko ditu Bizkaia gizarte bardinzaleagoa egingo daben neurriak.
Laespadaren esanetan, emakume guztion eskubideen defentsa kolektiboan egiten dogu danok bat. Bakotxaren ezbardintasunak eta alkarren arteko desadostasunak alde batera itxiz.
Nora Sarasola BBK-ko gizarte ekintzako zuzendariak nabarmendu dauenez, BBKrentzat lehentasunezko helburua da emakumeen eta gizonen arteko benetako bardintasun eraginkorra lortzea eta emakumeen eta nesken ahalduntzean aurrera egitea, aniztasuna autortzen eta baloratzen dauen gizarte inklusiboa izateko.
Saridunak
Begoña Murgialday psikologoa da, baina baita sexu-hezkuntzako irakaslea eta bardintasuneko teknikaria be. Beti egin dau lan emakumeen bizi-kalidadea hobetzeko asmoz, horren eskubideak autortzeko eta gizartea eta balioak aldatzeko ahaleginetan. Feminismoa bere bizitzearen parte izan da. 1995ean bardintasunerako Murgibe aholkularitza-zentroa sortu eban, bardintasun-politikak zer ziran ulertzen ez zan garaian; baina errealidade horren alde egin eban. Urteak igaro ostean, hainbat erakunde publikok eta pribatuk egiten dabe lan beraregaz.
Mujeres con Ciencia blogak maskulinizauta dagozen esparruetan emakumeak ikusarazotearen eta ahalduntzearen alde egiten dau lan. 2014. urtean sortu zan UPV/EHUren Kultura Zientifikoaren Katedrearen ekimenez. Egunero argitaratzen dau emakume zientzialari bati buruzko artikulua. Maiatzaren 8an 10 urte beteko ditu.
Andereak Alkartea, Indarkeria sexistaren aurkako Durangoko Plataforma 2005ean sortu zan, Ofelia Hernández bere bikotekideak hil eta gero. Helburua zan indarkeria matxistari aurrea hartzea desbardintasunaz jabetzea bultzatuz eta emakumeak egitura bakarrean atonduz. Andereak alkarteak kontzientziazinoa, emakumeen ahalduntzea eta sentsibilizazinoa lantzen ditu mobilizazino aktibotik hasita. Presentzia handia dau erakunde publikoetan, lurraldeko eta tokiko sareetan parte hartuz.
Itziar Lazkano aktoreak gidatu dau ekitaldia, eta ESASen (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) musika emonaldia be izan da. Musika klasikoaren arloko alkartea da hori, eta egun horretarako lan bi estreinau ditu. Ganera, hainbat aktorek bakarrizketak egin ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!