Xabi Ricok jantziko deutso txapela 2024ko Arabako bertsolari txapeldunari

Bizkaie! 2024-03-08 07:52   Bertsolaritzea

Rico: 80ko hamarkadan Arabako lehen bertso eskolen sortzaile eta bultzaltzaile.

Arabako Bertsolari Txapelketeak XVI. edizinoa jokatzen dauen honetan, 40 urte pasau dira lehena jokatu zanetik. Lehen txapelketa eta gero etenaldia izan zan eta 1990etik 2001era bitartean Prudentzio Deuna Estibalizko Ama Bertso Sariketea izan zan Arabako bertsolarien indarrak urtero neurtzeko plaza. 2002an barriro be Arabako Bertsolari txapelketa legez jardun eban ekimenak, urtero 2009ra artean, orduan erabagi baitzan, gaurdaino, urte birik behin heltzea lehiari.

Arabako Bertsozale Elkarteak orain 40 urte txapelketako plazeari hasiera emon eutson Xabi Rico Iturriotzi autortzea egin nahi deutso eta eskerrak emon egindako ibilbide eta lanagaitik.

Euskerea etxean jaso ez dauenarren, 26 urtegaz euskaldundu zan eta 1981ean sortu eutson bertsoak zirrarea, Xabier Amurizaren gidaritzapean UEUko bertsolaritza ikastaroan parte hartu ebanean. Ikastarotik bueltan arabar gazte talde batek Abel Enbeitaren atera jo eben bertsotan ikasteko asmoz.

1982an Abel Enbeita, Rikardo Gonzalez de Durana, Patxi Aizpurua eta beste batzuekaz batera Gasteizko Bertso Eskolea sortu eben. 1980-1990 urteen bueltan, hamarkada oso bat emon eban bertso eskolako irakasle modura eta Arabako hainbat sariketa eta txapelketetan parte hartu dau bertsolari lez gehien bat, baina baita epaile, gai-jartzaile edota atontzaile lanetan be.

Martxoaren 16an jokatuko dan finalean, 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako irabazleari, Xabi Rico Iturriotzek jantziko deutso txapela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu