Joseba Larratxe: 'Nahikoa erronka da aitatasuna'.

Koldo Isusi Zuazo 2024-03-11 07:55   Barriketan

Apirilaren 1etik 6ra egingo dan Itzulia Basque Country Itzuliaren aurtengo kartela egin dau, sano indar handikoa.  

Orain sei urtetik lan literarioen ilustrazinoa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi dauen personeak diseinau dau kartela eta aurten Josevisky-k izan dau aukerea.

Arte Ederren Bilboko Museoak hartu du kartelaren aurkezpena eta bertan izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Julian Eraso Itzulia Basque Countryren antolatzaile dan OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidentea, Joseba Larratxe egilea eta Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria.

Joseba Larratxe Berazadi Irunen jaiotakoa da eta Josevisky ezizenagaz ezagutzen dogu. Arkitektura ikasketak egin zituan, baina komikigintza izan dau beti pasino. Argia-rako ilustrazioak egin ditu, H28 aldizkari satirikoagaz kolaborau dau eta Gaztezulo-n Aingurak komikia argitaratu dau. 2023an Literatur Lanaren Ilustrazinoa modalidadean Euskadi Literatura saria irabazi eban Ni ez naiz Mikel Laboa lanagaitik.

Kontuak kontu, gustora emon deuskuz azalpenak eta geu be pozarren gagoz Larratxek erraztasun guztiak emon deuskuzalako.

1.- Zorionak Joseba. Zer pentsau zenduan lehenengo momentuan, hau da, Euskadi Saria irabazi eta ondorengo minutuetan?

Upealako poza. Astia sobran izan dot igazko zemenditik eta hor, han eta hemen ideak batzen ibili naz kartelerako egokiak izango ziralakoan. Idea bi edo izan ditut, batetik aldatzetan gora txirrindularien esfortzua, ahoa zabalik eta, bestetik, euskal zaleak, erabagiorrak ziklismoan. Euskal ziklismoaren balore handienetakoa zaleak dirala esaten da eta bat nator jarrera horregaz. Zaleak ikurriñea astintzen ikustea oso inportantea izan da niretzako eta idea horreek izan dira kartela egiteko erabili dodazanak.

2.- Ideak izatea ondo dago baina zirriborroak, koloreak, buztarketak eta holakoak gogoan hartuta, prozesua zelakoa izan da?

Lanketearen hasieran erretratuak eta erabili izan ditut konposizinoa eta jorratzeko, txirrindularien arpegiak interesetan jataz eta holako konposaketa bat egin neban, baten ahoa, bestearen betaurrekoa eta holako collage modukoagaz olgetan ibili ostean gauzak errezago datoz. 

Kolorearen arloan, ikurriñearen hiru koloreak erabili dodaz kartelean, zuria, gorria eta berdea; ondo buztartzen dira eta pozik nago emoitzeagaz.

3.- Julian Eraso Itzulia Basque Countryren antolatzaile dan OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidenteak adierazo dau 100 urte bete dirala aurten lehenengo edizinoa egin zanetik eta oso berezia, magikoa dala, gure ondorengoek maitasun handiz gogoratuko dabela. Zein da zure eretxia?

Ohore handia da niretzako jakin nebanean nire kartela orain arteko kartelakaz batera Bilboko Arte Ederren Museoan egongo dala, oso polita begitandu jatan eta 100 urte badira aurten, zer esango deutsut ba, pozarren nago; holako mugarrietan kasu gehiago egiten jako iruditeria guztiari eta, beraz, suerte onekoa naz. 

4.- 2019tik Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek, Javier de Isusik eta Maite Mutuberriak diseinau ditue Itzuliako kartelak eta danak dagoz Arte Ederren BIlboko Museoan gordeta. Ez dira edozein...

Bai. Poza sentiduten dot. Euskadi Saria emon euskuen Ni ez naiz Mikel Laboa lanagaitik eta ez ahaztu Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano eta hirurok egindako lana izan zala. Mikel Laboaren zale sutsua naz eta, beraz, ohore handia da niretzako aitatu dozuzan horreen guztien ondoan izatea. Ez neban holakorik pentsetan. 

5.- Ez zara ilustratzaile hasibarria, Argia-rako ilustrazioak egin dozuz, H28 aldizkari satirikoagaz kolaborau dozu eta Gaztezulo-n Aingurak komikia be zure lana da eta ez daigun ahaztu igaz irabazitako Euskadi Saria...

Ez. Gauzatxu batzuk egin ditut eta 39 urte ditut, tarte horretan ez naz geldi egon, gustoko lanean aldatzik ez, badakizu. Arkitektura ikasketak be baditut baina inertziaz edo egin nituan, nire inguruan, aita, anaia biak, osabea eta lehengusu batzuk arkitektoak diralako. Bidea jarraitu neban baina nire benetako pasinoa marrazkigintzea da.

6.- Ni ez naiz Mikel Laboa liburuari esker irabazi dozu igaz Euskadi Saria baina 55. Donostia Jazaaldiko kartela be zeurea da. Oso oker ez bagagoz, musika talde batzuen portadak eta egin izan dozuz...

Bai. Harkaitz Cano, Unai Iturriagaz eta hirurok egindako lana da Ni ez naiz Mikel Laboa eta oso gustora geratu ginan. 

Beste alde batetik, Aranzadiren urtekarirako azala be egin neban eta lanok bultzada polita dira ilustratzaile baten ibilibidean.

Eta musikeari jagokonean, Lauroba, Izeberg, Mugaldekoak eta Sexty Sexers taldearen Zyklon Birika bideoa be egin dot, baita Lauroba taldearen Gauari, gauarekin diskoko Ez nintzen irten behar.

Gaur egun nire komikien booktrailerrak be egiten ditut.

7.- Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek, Javier de Isusik eta Maite Mutuberriak diseinau ditue Itzuliako kartelak. Zeu be talde horretan sartzea pozik hartuko zenduan?

Duda barik. Euskal komikigintzea indartsu dagoala esan gura dau horrek, sortzaileak bagagozala zozertan. Mundu mailan be osasuntsu dabil sektorea eta gurean be polito gabiz, nork ez ditu ezagutzen, besteak beste, Urmeneta eta Mutuberria. Nobela grafikoaren formatoa be hor dago eta zaleak asko dira.

Horrezaz gan, Xabiroi komiki aldizkariak be izan dau eragina eta gaur egun sektore indartsua da; Euskal Herriko marrazkilarioi lan duina eskani izan jaku, gure artean saretzen be pausuak emon doguz eta Eusko Jaularitzeak ataratako komikien sorktzarako dirulaguntzinoak ez daiguzan ahaztu. 

8.- Josevisky ezizenagaz ezagutzen zaitugu... Ezizena ala benetako izen abizenak erabiltea nahiago dozu?

Aukeratzen ez diran ezizenetako bat da Josevisky...; 20 lehengusuetako gazteena naz eta Josebi, Josebita eta beste batzuk be hasi ziran erabilten baina Josevisky be agertu zan, lagun-taldeari gustau jakon eta horregaz geratu naz. Kontua da ze oraindio be sinatzen ditudala lanak Josevisky ezizenagaz.

9.- Erronkarik?

Nahikoa erronka da aitatasuna, ume jaiobarria etxean dogu eta aitatasun bajan nago. Orain hilebete jaio jakun txikia eta lo ta lo, lotia bada be boladak izaten ditu eta negar egiten be badaki. Eta, beraz, marrazki, ilustrazino eta enparauak boladatxu batez ahaztu beharko dodaz...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu