Kosta Trail, Sopela ingurutik
2024-03-06 12:15 Ibilian-ibilianKostan zehar ibiliko gara paraje zoragarrian.
Bizkaiko Uribe Kosta aldean, leku eta kontraste asko dagoz, esaterako, surferen ikur ukatuezina dogu Sopela, baita ondoan dagoan Barrika herria be. Garaian garaiko kontuak beti dagoz agirian Meñakozen, Barrika eta Sopela artean, olatu handien munduan sartuta, Roka Puta gogorazoten dogu Gipuzkoan, eta zelan ez, Meñakoz Bizkaian.
Meñakozeko olatuak ospe handia izan eban, izan be, Eukal Herriko handiena dala esaten dabe. Euskal surflarien pasinoa bertan sortu zan. Ganera, diziplina eta espezialidade horretako lehen komunidadea hortik dator; sekulako espektakulua sortu eben, halanda ze, Kanariar Ugarteetatik ekarritako inspirazinoak, izena jarri eutson olatuari.
Kosta Trail izeneko probeak aspalditik doguz ezagunak, Forum-ek atontzen ditu urtero lez, beste hainbeste alkartegaz batera. Aukera asko egoten dira, izan be, hainbat distantziako lasterketak eta mendi martxak atontzen ditue. Beraz, surfaz gan, bada non ibili Sopelan; oraingoan, kostan zehar ibiliko gara paraje zoragarrian.
Wikilok aplikazinoa martxan jarri eta urteroko ohitureari jarraituz, Sopelako udaletxetik hasiko gara. Bertatik, parke eder batzuk zeharkatuko doguz, sekulako etxeak eta auzo lasaiak ikusiz. Lehen geldialdia, Plentzian izango da; herriko geltoki ondotik, txalupak ikusiz, mokadu bat jateko aukerea izango dogu. Horren ostean, behin zubia pasauta, bihurgune batera helduko gara eta mendi bidea hartuko dogu; Areeta marketan dauen GR-a jarraitu behar da, denpora guztian, baina behin hesi bat pasaukeran, eskumara egin behar da. Adi horregaz, izan be, Wikilok-en ez dago argi markauta.
Ondoren, ibilbideko toki ikusgarri batera helduko gara; sekulakoa. Aurreko artikulu batean, Gorlizetik Armintzara egin genduan ibilbidea, orain, barriz, beste aldean gagoz, Muriola hondartzan. Begiratoki ederra dago bertan; neska bat ikusi genduan bainu bat hartzen, lasai-lasai, a ze subertea dogun holako inguruak eukiteaz, izan be, Flisch itxurako hatxek inguratzen dabe parajea.
Muriolatik, Bustintza mendira egingo dogu itsasoa eta basoak buztartuz. Ostean, Barrikako hondartzara egingo dogu eta surflariak ikusiko doguz olatuetan jantzan. Amaitzeko, Sopelara bueltauko gara, ibilbideari sekulako buelta ederra emonez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!