Joseba Larratxeren kartelak iragarriko dau Itzulia Basque Country 2024

Bizkaie! 2024-03-04 12:31   Kulturea

Itzulia, apirilaren 1etik 6ra bitartean egingo da.

Miguel Zugaza, Julian Eraso, Julian Eraso eta Bingen Zupiria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Itzulia Basque Country apirilaren 1etik 6ra bitartean egingo da eta dagoeneko, aurkeztu dabe 63. edizinoa iragarriko dauen kartela. Duela sei urtetik lan literarioen ilustrazinoa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi daben personak diseinatzen dau Itzuliaren kartela, beraz, aurtengo egilea Joseba Larratxea da.

Arte Ederren Bilboko Museoan izan da aurkezpena eta bertan izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Julian Eraso OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidentea, Joseba Larratxe eta Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria.

Joseba Larratxek adierazo dauenez Itzulia Basque Country-ren aurtengo kartela egiteko enkargua jaso ebanean irudi bi etorri eutson burura: batetik, txirrindularien esfortzu arpegiak, izerditan, ahoa zabalik edo hortzak estuturik, mendian gora. Bultzada horregaz erlazionau dot beti txirrindularitzea. Bestetik, euskal zaletuen irudia gogorazo neban, Euskal Herriko eta atzerriko portuetan, errepide bazterra ikurrinez betetzen. Ondoren, irudi bi horreek bakar batean alkartu neban; modu horretan, txirrindulariaren azalean jartzen gara eta berak ikusten dauena ikusten dogu.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak aurkezpenean gogorazo dauenez, kartelaren enkargua artista bati egitearen jatorria Gerra Zibilaren aurreko garaietan dago: Gerra zibilaren aurretik ohikoa zan goi-mailako euskal artistek kartelak egitea, besteak beste, txirrindularitza lasterketenak eta Kirola eta kultura batu eta geure sortzaileei aukera barriak emoteko helburuagaz 2019an barriro barreskuratu genduan ohitura hori. Geure sortzaileei aukera barriak emoten deutsegu eta ohikoa ez dan publiko batengana hurreratzeko aukerea emoten dogu; kirola eta kultura batzen dituan ekimena bihurtuz. 2019tik Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek, Javier de Isusik eta Maite Mutuberriak diseinau ditue Itzuliako kartelak.

Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendariak Joseba Larratxe kartelaren egilea zoriondu dau, kirolarien ahalegina eta euskal zaleen atxikimendu sutsua grafikoki sintetizatzeko izan dauen gaitasunagatik. Ganera, artearen eta kulturearen balioak lurraldean zabaltzen laguntzen daben arte aplikatuetako profesionalen harrobi garrantzitsua azpimarrau dau.

Bestalde, Julian Eraso alkarte atontzailearen presidenteak kirolaren eta kulturearen arteko garrantzia eta loturea nabarmendu ditu. Itzulia kirol arlotik harago doa, gaur albiste da arlo kultural eta artistikoagatik, baina beste batzuetan turismoaren ikuspegitik be erakargarria da. Ganera, 100 urte betetzen dira lehen edizinoa egin ebenetik, beraz, kartela historiara pasauko da.



Joseba Larratxe

Joseba Larratxe Berazadi Irunen jaiotakoa da eta Josevisky ezizenagaz da ezagun. Donostiako eskolan arkitektura ikasketak egin eban, baina komikigintza izan dau beti pasino. Argia-rako ilustrazinoak egin ditu, H28 aldizkari satirikoagaz kolaborau dau eta Gaztezulo-n Aingurak komikia kaleratu dau. 2023an Literatur Lanaren Ilustrazinoa modalidadean Euskadi Literatura saria jaso eban Ni ez naiz Mikel Laboa lanari esker.

Itzulia Basque Country

Itzulia Basque Country-k 100 urte beteko ditu aurten. Apirilaren 1etik 6ra bitartean izango da. Irunen hasi eta Eibarren amaituko da aurtengo edizinoa. Guztira sei etapa izango dira: Irun-Irun, Irun-Kanbo, Ezpeleta-Altsasu, Etxarri Aranatz-Legutio, Gasteiz-Amorebieta Etxano eta Eibar-Eibar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu