Martxan 'Arikalatarren' topaketea
2024-03-04 10:59 Euskerea berbagaiGaur eta bihar, Altsasuko Burunda Frontoian.
Martxan dago Arikalatarren lehen topaketea Altsasun (Nafarroa), Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak, Euskaltzaindiak eta Ikastolen Alkarteak atonduta. Bertan alkartu dira Arikala egitasmoan parte hartzen ari diran Euskal Herriko hamar ikastoletako 230 ikasle.
Arikala ikasleen artean lagunarteko euskerea sustatzeko ikerketa-ekintza barritzailea da. Egitasmo horren bidez, Euskal Herri osoko hamar ikastolatako ikasleei berbakera informalak euskeraz garatzeko tresnak eta estrategiak emoten deutsee, eta ondoren, esku-hartze horreek daben eragina neurtzen da.
Topaketeak helburua bikotxa dau: batetik, arikalatarren komunidadea sendotzea, eta, bestetik, gazteak hizkuntzaregaz daben atxikimendua indartzea.
10:15ean emon deutsee ondoetorria ikasleei; alkarregaz, hainbat jolas-dinamika egingo ditue goizean zehar, lagunarteko berbakerearen hainbat ezaugarri lantzeko. Bukatzeko, talde argazkia aterako dabe.
Arikala, Mintzola egitasmoaren barruan
Euskaltzaindiak, 2022ko urtarrilean Mintzola egitasmoaren ardurea hartu ebanetik, euskerazko ahozko jardunaren ikerketean, zabalkundean eta sustapenean dabil, izan be, eguneroko berbakerea; alkarrizketa-multzo eta jardunak, eremu ez-formalekoak gehienak, geure ahozko jardunaren zatirik handiena hartzen dau. Mintzola egitasmoaren helburu nagusia berbakerea hori aztertzea da, bai eta adierazkortasuna lantzeko tresnak garatzea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!