'Sexberdinak' antzezlanak irabazi dau Donostia Antzerki Saria
2024-03-04 08:44 KultureaMartiaren 27an jasoko dabe saria, Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean.
Sexberdinak antzezlanak lortu dau Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzuak eta Donostia Kulturak atondutako 24. Donostiako Antzerki Saria. Obrako aktore protagonistak, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta dira.
Tanttaka Teatroaren antzezlanak, 12.000 euro eta Aitor Ruiz de Eginoren artelana jasoko ditu sari bezela. Saria emoteko ekitaldia martiaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Saria jaso ostean, lan irabazlea eskainiko dabe doban.
Integrazinoa, komedia eta drama buztartuz
Donostia Antzerki Sariko epaimahaiak hainbat arrazoi emon ditu Sexberdinak antzezlana saritzeko. Epaimahaiaren eretxiz, oso modu egokian egiten da aniztasun funtzionalaren planteamendua eta aktoreen, zuzendariaren eta erabiltzen diran baliabide eszenografikoen bitartez, emaitza bikaina lortu da.
Horrezaz gan, epaimahaiak balioan jarri dau persona horreen errealidade afektibo eta sexualari buruz antzerkian oso gitxi landutako gaia izatea; publikoa maitasunari, sexuari, autoestimuari, konplexuei eta bakardadeari buruz hausnartzera bultzatzen dau eta agerian geratzen dira gutako bakotxak gaiaren inguruan doguzen ezintasunak eta, aldi berean, aurreretxiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!