Maitane Azurmendi: 'Erakusketako emakume askoren istorioak sinistuezinak dira'
Andoni Mugica Lopez
2024-03-04 07:55
Barriketan
Maitane Azurmendi Barrio (Mungia, Bizkaia) margolaria da. Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kide da, baita Gernikako Lobak ekimeneko partaide be. Ilustrazinoak ditu gogoko, hainbat erakusketa atondu ditu, Emakumeen Wikipedian kolaboretan dau eta horrezaz gan, liburu bi kaleratu ditu; Azken bidaia (Zorrotz, 2022) eta Bihotzen taupadak (Zorrotz, 2023).
Durangoko Wikiemakumeko taldekideek Durangoaldeko 15 emakumeen biografiako erakusketea atondu dabe; talde horren helburua da, wikipedian emakumeen eta gizonen biografien arteko orekea lortzea. Erakusketan, ezinbestekoa izan da Azurmendiren lana, izan be, emakume horreen erretratuak egin ditu, halanda ze, protagonistei arpegia jarriz.
Erakusketearen bidez, artistearen eta Durangoko Wikiemakumeen taldearen lana ezagutarazotea da helburua.
1.- Martiaren 1ean Durangaldeko emakumeen erretratuak erakusketea inaugurau dozu Durangoko Arte eta Historia Museoan. Zer topauko dogu bertan?
Bai. Geure asmoa izan da, historiak ahaztuta itxi edo merezidu bezela autortu eta gogorazo ez diran emakume aitzindarien erretratuak erakustea. Guztiak, durangaldekoak dira eta hainbat arlotan nabarmendu ziran.
2.- Ze arpegi ikusiko doguz erakusketan?
Asko ikusiko doguz, horreen artean; Begoña Ereñaga, 30eko hamarkadako erraketista profesionala; Luz Zalduegi, albaitaritza ikasketak amaitu zituan Euskal Herriko lehen emakumea; edota, Oihana Azkorbebeitia, mendi korrikalaria.
3.- Duda barik, danek merezidu dabe errekonozimendua, baina gainerakoen gainetik zein azpimarrauko zeunke?
Kosta egiten jat, izan be, emakume protagonista askoren istorioak sinistuezinak dira. Bat aukeratzekotan, Elvira Iñurrieta izango litzateke. Emakume hau, Elorrion emagina izan zan eta XX. mendearen hasieran 2.400 emakumeri baino gehiagori lagundu eutsen erditzen. Ez dot pentsau gura ze errekurso erabili zituan, ez dot imajinetan.
4.- Hainbat ilustrazino egin dozuz wikipediako profiletarako, esaterako, Maialen Lujambio, Izaro eta Alex Txikon. ¿Gustoko?
Bai, asko gustetan jat, izan be, bateren bategaz berba egiten dodanean, beti be, buruan marrazten dot. Horrezaz gan, miresten dodan edo gauza handiak egiten eta zabaltzen dabenei neure omenaldi txikia egitea dot gustoko.
5.- Danok dakigunez, egun gitxi barru, martiaren 8an, Emakumeen Nazinoarteko Eguna da. Erakusketea data horregaz bat egitea izan da helburua?
Hasieran, Wikipedian erretratautako emakumeen erakusketea egitea zan asmoa. Gero, hobeto pentsau eta Durangaldeko eta gertuko emakumeei bisibilidadea eta autortzea emotea erabagi genduan.
Halanda ze, ez genduan data zehatzik jarri, baina museoak data hori proponidu euskunean, primeran begitandu jakun.
6.- Zelan ikusten dozu emakumeen egungo egoerea?
Gauza edo arlo batzuetan batzuetan, uste dot aurrera egin dogula; beste batzuetan, barriz, atzerapausuak sumatzen ditut, izan be, Emakumeen Wikipedia alkartean kolaboretan dodanetik, konturatu naz orain dala 200 urteko emakumeek gauza asko egiten zituela, gaur egun ekintza barriak bezela joten doguzanak.
7.- Gaur egun, horrezaz gan, zer proiektu dozu esku artean? Orain egun gitxi batzuk Bihotzen Taupadak lana argitarau dozu...
Beti nago proiektuekin esku artean. Orain, Durangoko Azokearen azken edizinoan aurkeztu dodan Bihotzen Taupadak liburua promozionetan nago. Baina, horrezaz gan, erretratuak, liburuetarako azalak eta kolaborazinoak jarraitzen dot egiten, mundua dan bezela eta neuk ikusten dodan bezela marraztuz.
8.- Azken Bidaia liburuan, Guernica koadroa jagokon herrira bueltetearen garrantzia adierazoten dozu. Zeure ustetan, Gernikan ikusi ahalko dogu inoiz Picassoren Guernica?
Espero dot baitz. Ez dot inoiz galduko itxaropena koadroa Gernikan ikusteko. Lan horregaz obsesionauta nagou; hainbeste miresten dot, ezkerreko besoan koadro osoa daukadala tatuauta.
Egia da, pixkat geldi dagoala egistamoa, baina, bonbardaketearen mendeurrena dala eta, akaso, bateren bati idea ona begitanduko jako koadroa Gernikara ekartea. Hori egia izango balitz, aste oso bat emongo neune negarrez [Barreak].
9.- Oso aktiboa eta errebindikatzailea zara sare sozialetan. Palestinaren inguruan ilustrazino asko egin dozuz azken aldion, zelan zabiz biziten egoerea?
Palestinako egoereak guztiz gainditzen nau. Gaur egun, ez dogu ulertzen Bigarren Mundu Gerra zergaitik luzatu zan hainbeste eta zelan erakundeek edo nazinoek ez eben lehenago ebitau.
Neure eretxiz, hurrengo belaunaldiek be bardin antzean pentsauko dabe gerra honi buruz.
10.- Bestelako mezurik?
Bai! Metalaren sektorean 20 urte emon ostean, neure desioak betetan nago; Durangoko Azokan liburu bi aurkeztu ditut, hainbat erakusketatan parte izan naz, izan be, esfortsua jarten badozu benetan gustetan jatzun horretan, geure amesak posible bihurtzen dira. Ah, eta ahaztu barik, Guernica Gernikara!
Ikusi argazki guztiak handiago