BOS eta Bilboko Koral Alkartea protagonista 'Musika-Música'-ko edegiera kontzertuan

Bizkaie! 2024-02-28 12:42   Musikea

Martiaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan, Arriaga Antzokian.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) eta Bilboko Koral Alkarteak Bilboko Udalak atondutako musika klasikoaren Musika-Música Jaialdiaren edegiera kontzertua emongo dabe. Barikuan, martiaren 1ean, 19:00retatik aurrera, talde biek Jesús Guridiren Eusko Irudiak eta Modest Mussorgsky-k Maurice Ravel-en orkestrarako egindako Cuadros de una exposición-en bersinoa eskainiko ditue, Lucas Macías-en zuzendaritzapean.

Euskalduna Jauregiak 70 kontzertu baino gehiago jasoko ditu asteburu osoan, hainbat aretotan, aldi berean. Betiko maratoi-formatuan egingo dau, 45 minutu inguruko iraupeneko ikuskizuna eskainiz.

Auditoriumak eta 0B aretoak kontzertu sinfonikoak eta koralak jasoko ditue. Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa eta Madrilgo Erkidegoko Orkestrea izango dira Auditoriumeko oholtzan. 0D aretoak, barriz, Bayerische Kammerphilarmonie, Academy of St Martin in the Fields, Leipzigeko Mendelsshon Ganbera Orkestrearen eta Des Dissonances edo Sevillako Orkestra Barrokoaren kontzertuak hartuko ditu.

0D aretoan ganbera kontzertuak izango dira, Schumann, Bach, Telemann, Mozart, Haydn, Vivaldi, Beethoven, Chopin eta Enrique Granados lako 20 ikuskizun. Errezitalentzako espazioa be izango da 0A aretoa, Ravel, Debussy edo Falla lako autoreen musikaz gozetako.

0C aretoak, barriz, Musika eta artelanak gaiari buruzko mahai-inguru bat hartuko dau, César Cocak moderauta eta Miguel Ángel Marín Juan March Fundazinoko musika-zuzendariaren, Isabel Urrutia konpositorearen eta Isabel Villanueva biolin-jotzailearen partaidetzeagaz.

Interprete gazteek Kioskoan izango dabe bere espazioa. Bertan, erkidego askotako konserbatorio eta musika-heziketa zentro askotako 700 gaztek jardungo dabe.

Espazio horretan, ganera, Kantamundi programearen beste edizino bat jorratuko da, Musika-Música Jaialdiak eta Bilboko Koral Alkarteak 2022an martxan jarritakoa; ikasketa-zentro ugari batuko dituan koro-sare bat sortzea dau helburu.

Urtero lez, zinemeak be atal propioa izango dau, bariku eta domeka arratsaldean César Coca kazetariagaz eta Patricia Sojo musikologoagaz egingo diran saioakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu