Gerediaga Alkarteak 'Garaia, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegia' jarri dau martxan

Bizkaie! 2024-02-28 12:14   Kulturea

Gerediaga Alkarteak Durango 1936 Kultur Alkartearen lekukoa hartuko dau.

Gerediaga Elkarteak Garaia, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegia jarri dau martxan; Eskualdeko memoria eta ondarea jasotzeko eremuan ekarpena egingo dau, zehazki ikus-entzunezkoen arloan. Transmisinoaren beharraz jabetuta, herritarren kontakizunak batu, sailkatu eta ikusgai jartzeko misinoa dauka, izan be, testigantza horreek iragana ulertzeko sano garrantzitsuak dira.

Horrezaz gan, Durangaldeko historia, kulturea eta gizarte gaiegaz zerikusia daben dokumentalak ikusteko aukerea be egongo da aurrerago webgunean. Sortzaileek produzidutako film edo erreportajeak plataforma bakarrean batuko dira, asmo biegaz: lanok zabaltzen laguntzea eta herritarren eskura jartzea.

Beraz, ondare guzti horrek batu eta babesteko balioko dau Garaiak.

Memoriaren garaia

Memoria historikoari eskainitako atala, Durango 1936 kultur alkarteak 2007tik eginiko beharren emaitza da: 150 testigantza argitarau ditu eta, horri esker, urte luzetan estalita egon dan memoria nabarmendu ahal izan da. Egia, justizia eta ordaina aldarrikatzeko norabidea izan dau alkarteak.

Hemendik aurrera, proiektuaren lekukoa Gerediaga alkarteak hartu dau. Aurretik eginiko lanari balioa emoteko ardura izango dau eta, ganera, esparrua norabide bitan hedatzeko helburua be bai. Batetik, lurraldeari jagokonez, eskualdean memoria historikoa jorratzeko interesa daben eragileegaz alkarlanean jarduteko; bestetik, ikergaiari erreparatuz, historia eta ondarea zentzu zabalean aztertzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu