Emakumeen arteko aliantzen garrantzia azpimarratu dau Bilboko Udalak Martiaren 8rako
2024-02-27 08:08 KultureaAndre eta Jaube esamoldea berreskuratu dau emakumeek gizarte honetan daben posizinoa aldarrikatzeko.
Emakumeen artean distantziak (ideologikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak zein fisikoak) murrizteko beharra nabarmentzea da asmoako, holan laguntza-sareak sortu eta benetako bardintasunerako aldaketa sozialak bultzatzeko.
Bilboko Udalak aurrea hartu nahi izan deutso martiarren 8ari, Emakumeen Nazinoarteko Egunari, eta sensibilizazino-kanpainea abiarazo dau Andre eta Jaube goiburupean eta, aurten, kanpaina horren osogarri, ahiztatasunaren kontzeptu estrategikoa azpimarratu nahi izan dau, Sororidad / Alkarri Eutsi lemeari eutsiz.
Gaur hasiko da kanpaina instituzional horren irudia zabaltzen. Kartela morea da, eta hainbat emakume agiri dira eskutik helduta, 8 bat osotuz. Zenbaki horrek, egutegiko data adierazpteaz gan, infinitua edo etenik bakoa irudikatzen dau. Holan, irudi horrek ekintzarako eta helburu komunak lortzeko beharrezko amaierarik bako lotura sinbolizetan dau.
Esangura horretan, Kontxi Claver Bardintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazinoa zinegotziak, ondokoa nabarmendu dau: Emakumeok beste emakume, ahizta, lagun, ama, amama, auzokide eta lankide batzuen babesa eta laguntzea izan ditugu espazio informaletan, denpora eta leku zehatzetan eta, beharbada, puntualetan. Alkar adoretu, jagon, babestu, ulertu, lagundu eta indarbarritu egin dogu. Badira hamarkada batzuk lokarri horreek zabaldu egin dirala, eta beste maila batzuk gainditu eta menperatu dituela, beste esparru formalago batzuk. Parte-hartze sozial eta politikoaren bidez, hainbat gauza lortu ditugu, orain gure izakereak berezko dituala eta ukaezinak dirala iruditzen jakuzanak. Emakumeen ahaldundutze indibidual, sozial eta politikoa lan-arlo estrategikotzat joten dau Bardintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazino Sailak.
Kanpainearen elementuak
Bilboko Udalak herritarrak gonbidau nahi ditu benetako bardintasunaren aldeko konpromisoagaz bat egin deien eta emakumeen ahaldundutzea bultzatzeko jarrera aktiboa izan deien. Horretarako, datozen egunetan, kanpaina honi ekingo deutso zenbait euskarri fisikotan, uri-altzarietan, udal-egoitzetako pantaila digitaletan, www.bilbao.eus webgunean eta Udalak sare sozialetan dituan kontuetan: Bilbao BardintasunaA – facebook eta twitter- eta Bilbao Udala –facebook, instagram eta twitter.
Bestalde, Bilboko emakumeei autorteza egiteko, martiaren 7 eta 8ko gauetan, argi morez tintatuko dira udaletxearen eraikin nagusiaren fatxadea eta uriko beste eraikin eta elementu enblematiko batzuk; esaterako, Abandoibarrako farolak, Casilda parkeko iturria, Txurdinagako Europa parkeko tunela eta Arriaga antzokia.
Emakumeen Nazinoarteko Egunaren Adierazpena
Martiaren 8an bertan Emakumeen Nazinoarteko Egunerako Adierazpena irakurriko da udaletxean. Amaia Arregi alkatea izango da ekitaldi instituzionalaren buru, eta beragaz batera izango dira Kontxi Claver Bardintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazinoko zinegotzia eta Udalbatzako zenbait kide, bardintasuna bultzatzeagaz lotutako udal-sailetako zenbait profesional eta uriko emakumeen alkarteetako zenbait ordezkari.
Bilboko Udalak genero-bardintasuna sustatzeko darabilen politikea proiektu estrategiko biren barruan kokatzen da: Bilbao Balioen Uria eta Nazino Batuen 2030eko Agendako Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!