Tradizinoa eta modernidadea Bilbao Basque Fest-en
2024-02-26 12:47 KultureaMartiaren 27tik 31ra egingo da hogeita hamar espaziotan.
Bilbao Basque Fest-ek guztira 200 jarduera inguru eskainiko ditu. Martiaren 27tik 31ra, uriko kaleetan kontzertuak, herri kiroletako probak, jatekoak probetea eta sukaldaritza-tailerrak, erromeriak, zinema-emonaldiak eta umeentzako proposamenak egongo dira.
Jaialdi horrek programazino betea eskainiko dau, gehienak doban, ohiko sei formatutan: Gourmet, Kulturea, Musikea, Sport, Market eta Zinemea. Ekitaldiak uri osoan zehar jarritako hogeita hamar agertokitan egingo dira.
Bilbao Basque Fest uri izakerako proiektu estrategiko bat da. Euskal kulturearen aberastasuna erakusteaz gan, jarduera ekonomikoaren indargune garrantzitsua da. Turismoa sustatu eta uria dinamizetan dau, Aste Santuan zehar Bilboko merkataritzea eta ostalaritzea bultzatuz. Jaialdiak kalidadeko programea eskaintzen dau. Bisitariak eta jaiegunetan urian gelditzea erabagiten daben bilbotarrak erakarten ditu.
Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak azpimarrau dauenez, Bilbao Basque Fest jaialdiagaz uria dinamizau nahi dogu. Hilebete falta danean, uria preparetan gabiz kalidadeko ekitaldi estrategikoa hartzeko. Beronen bitartez, bisitetan gaituen personak eta bilbotarrak harritu nahi doguz.
Folka emakumeen ahotik
Jaialdian genero musikal guztientzako tartea dago: jazz, punk, rock, pop, baita erritmo tradizionalenak be. Aurtengo kartelean emakumezkoen ahotsak eta talentu barriak nabarmenduten dira: Kuttune, Sarrabete eta Amaterra izango dira folk jaialdiko protagonistak.
Jaialdiak, bestalde, Musika sekzinoan zenbait estreinaldi hartuko ditu, esaterako, Eider Sáezen (Nøgen-en liderra izandakoaren) bakarkako estreinako lana, eta Manu Gaigne eta Puy Barral-en proposamen originala, Huesos lanean musika eta poesia buztartuko dituana.
Gainera, giro magnetikoa sortuko da Martzanako DJen saioetan. Uriko lokaletan (besteak beste, Azkena aretoan eta Rocket-en) zuzeneko kontzertuak eskainiko dira, Taberna Live Music zikloaren barruan.
Jai-giroa txoko guztietara helduko da kalejira alaien bidez, Poza Lizentziatua, Villarías, Ledesma eta beste kale batzuetan zehar, baita Gas Plazaren erromerietan be. Bertan, Ziortza eta Leire, Jira Musika eta Ortzadar egongo dira, publikoa jantza egitera konbidatuz. Bilbotxeros Band taldeak abesti alaiz zipriztinduko dau Diputazino kalea, eta Arenalean Jantza Plazan ekitaldia egingo da. Artxandak, urtero lez, euskal jantzen tailerra hartuko dau, eta ondoren erromeria alaia izango dogu Gaztediren eskutik.
Euskal produkzino sarituak Zinema sekzinoan
Titulu ezagun bi sekzinoaren protagonista izango dira Bilbao Basque Fest-en: 20.000 especies de abejas eta To bird or not to bird. BBK Aretoak, Estíbaliz Urresolaren film luzea proiektauko dau. Hiru Goya sari eskuratzeaz gan, historian nominazino gehien jaso dituan opera prima da: 15. Berlingo azken jaialdian be arrakasta handia izan eban: protagonistak, Sofia Otero 10 urteko aktore gazteak, Zidarrezko Hartza irabazi eban. Horregaz batera, kritikak eta publikoak txalotutako beste produkzino bat egongo da: To Bird or not to bird.
Martín Romerok sinautako animazinoko film labur horrek be bere kategoriako Goya eskuratu eban.
Historia, antzerkia eta umore asko
Bilborocken Humor and basque zikloko bakarrizketak martiaren 28an, eguenean, estreinauko dira, Jon Plazaolaren Tu Tum Platz emonaldiagaz, bere ibilbide osoa errepasauta. Egun bat aurrerago, Bocabeats Comediaren Tirando del carro lana helduko da, euskal bikote komiko entzutetsuenetako baten inprobisazino-ikuskizun barria: Iván Pérez eta Aitor Vidaurreta. Hilaren 30ean, barriz, Aroa Berrozpe ospetsuaren txandea izango da. Umorez eta bihurrikeriaz adierazoko ditu bizitean zehar topau dituan oztopoak.
Mirentxu eta Begotxu lagunek UEFA Women’s Champions League-ren finalari buruzko gogoeta xelebreak aitatuko ditue itsasadarreko ibilaldietan. Uriaren historia ikusteko eta ezagutzeko modu ezbardin bat da Bilboko anfitrioiek eskaintzen dabena: egunero Zazpi Kaleetan eta Arenalean zehar ibilten diran gidariak.
Ganera, Bizikidetasun Plazan, Aukeran konpainiaren jantza hipnotiko eta koreografiez gozauko dau publikoak. Konpainia horrek Aiurri proiektua aurkeztuko dau.
KM0 gastronomia
Arenala Gourmet sekzinoaren erdigunea izango da barriro be, 1.500 m2ko karpa bategaz. Bertan, Euskal Herriko hamar eskualde turistikok kalidade goreneko produktu freskoak eskainiko ditue: Idiazabalgo gaztaia, Ezpeletako piperrak, Urigoitiko txorizoa, Gorbeialdeko txakolina, Maruri-Jatabeko izozkiak, Tolosaldeko txokolatea eta eztiak, Urdaibaiko txakolina, Gorbeialdeko ogia eta Arabako Errioxako ardaoa izango dira probetako.
Txoko Gourmet-eko jarduera garrantzitsuenetako bat 45 minutuko iraupena daben sukaldaritza tailerrak dira, 476 plaza baino gehiagogaz. Bertan, parte-hartzaileek Bilboko pintxo tipikoak kozinetan ikasiko dabe, gilda edo kilkerra kasu, eta euskal produktuak ekialdeko saroreakaz buztartzen dituen mokauak be bai: baserriko nigiri edo Eusko Label txahal-tartarra, besteak beste.
Herri kirolen erakustaldiak eta tailerrak
Txoko Gourmeten karpearen ondoan, herri kirolen tailer eta erakustaldi arrakastatsuak egingo dira; ingude eta harri jasotea, sokatirea, txinga-eroatea, trontzea... Horra hor publikoak Arenalean gozau ahalko dituan probetako batzuk. Ganera, hainbat tailer egingo dira zortzi urtetik gorakoentzat, eguenetik zapatura.
Programa osoa eta informazino gehiago hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!