'Iruña Veleia bizibarritzeko eta garatzeko proiektua aurrera doa'
2024-02-26 08:43 Kulturea2022-2025 proiektuaren helburua aztarnategirako beste garai bati ekitea da.
Eusko Jaurlaritzeak eta Foru Aldundiak bisita instituzional bateratua egin dabe Iruña Veleia aztarnategian, 2022-2025 aldirako bizibarritzeko eta garatzeko proiektuaren jarduketak eta garapena ezagutzeko, zehatz 2023an egindako jarduketak.
Bisita Ramiro González diputadu nagusiak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputaduak, Javier Fernández Bordegarai Museo eta Arkeologia Zerbitzuko buruak eta erromatarren uriko teknikari eta profesional batzuek egin dabe.
Ramiro Gónzálezen eretxiz, Iruña Veleiako aztarnategi arkeologikoa Arabako ondare ikurretako bat da, eta antxinako garaiko erreferentziarik ezagunenetako bat. Gaur haren interesa eta ondare potentziala aldarrikatzen ditugu, bai ezagutza historikoaren iturri lez, baita erreferente turistiko lez be. Holan, berretsi egiten dogu ikerketa, ezagutza eta erritmo onean aurrera doan bizibarritze proiektu baten garapena, bai eta erakundeen arteko lanaren emoitzak berretsi be, hori gauzatu ahal izateko.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Iruña Veleiako ondarea balioan jarri eta aztarnategiaren izen ona berreskuratzeko erakunde arteko lankidetzea azpimarratu nahi izan dau: Aztarnategian egindako inbersinoek indusketa, berreskuratze eta zabalkunde lanetan laguntzeko balio izan dabe. Danon esku dago orain bertako ondarea gizarteratzea eta herritarrek Iruña Veleiako ondarearen balio historikoa ezagutzea.
Erakundeen arteko lankidetzea
2010-2020ko Iruña Veleiako Plan Zuzentzailetik eratorritako jarduketak amaitu ondoren, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak, aztarnategia interesgarria zala jakinda, Eusko Jaurlaritzako eta kultura ondarearen kudeaketan eta konserbazinoan inplikautako beste erakunde batzuen laguntzea eskatu eban, ahaleginak bateratzeko eta 2022tik aurrera Iruña Veleiako aztarnategi arkeologikoa ikertu, ezagutu eta garatzeko beste proiektu bat bultzatzeko. Horren bidez, finantza euskarri egokia lortzea zan asmoa ikerketa oinarri metodologiko egokiak oinarri hartuta bultzatu ahal izateko, aldez aurretik induskatutako aurri arkeologikoak zaharbarritu eta konserbatu ahal izateko, tokiak bere ingurune naturalagaz eta giza inguruneagaz dauen loturea nabarmentzeko eta ingurune hori zorroztasun zientifikoz eta baliabide teknologiko egokiakaz gozau eta ezagutu ahal izateko.
Jasotako erantzuna oso ona izan da, Aldundiko arduradun arkeologikoek beti autortu daben lez eta 2022tik aurrera nabarmen handitu dira Veleiarako ekarpen ekonomikoak. 2023ko ekitaldi amaitu barrirako, EU-Next Generation funtsak nabarmendu behar dira, zenbatekoagaitik, aztarnategiko aurri arkeologikoak konserbetako eta sendotzeko lanetarako erabili behar diranak. Dana dala, Eusko Jaurlaritzeak eta Arabako Foru Aldundiak batera egindako ekarpenak be nabarmendu behar dira, horreekaz aurrez zehaztutako beste hirujarduera ardatz nagusietan aurreikusitako esku hartzeak garatu ahal izan baitira, hau da, ikerketan, interpretazinoan eta gizarte hedapenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!