Elhuyarrek 'Ingurumenari buruz komuniketako dekalogoa' aurkeztu dau
2024-02-23 12:46 KultureaDonostiako Etorkizuna Eraikiz espazioan egindako ekitaldian.
Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapeneko zuzendari nagusiak ondoetorria emon ostean, Garazi Andonegi Beristainek, Elhuyarreko Zientzia Unidadeko koordinatzaileak, dekalogoa aurkeztu dau. Zientzialariek, gizarte-eragileek, hezkuntza-eragileek eta zientzia-dibulgatzaileek alkarlanean egindako prozesu baten emoitzea da dekalogoa. Aurrekaririk bako ingurumen-larrialdi baten aurrean gagozanez, helburua da komunikazino arduratsua eta, era berean, gizartean eraginkorra izatea. Hausnarketarako proposamena izan nahi dau dekalogo horrek, eta, horretarako, 14 gako batzen ditu.
- 1. Sistema konplexua danez, begirada osogarriak integrau.
- 2. Arazoen eta urtenbideen adibide lokalak emon, baina eskala globalaren ikuspegia galdu barik.
- 3. Ez izan katastrofista. Erabili etorkizun desiragarriak irudikatzeko.
- 4. Justiziaren dimensinoa eztabaidara ekarri.
- 5. Aldendu narratiba eurozentristatik.
- 6. Baztertu begirada hertsiak, hala nola, androzentrismoa eta antropozentrismoa.
- 7. Danok dogu zer egin, baina ez erantzukizun bera.
- 8. Urtenbidea soziala eta politikoa da, ez bakarrik teknologikoa.
- 9. Naturearen balioak transmitidu: bizitzea erreguletea, ongizatea, jagoletzea, erantzukizuna, oparotasuna, lurraldearen kustodia...
- 10. Osasun Bakarra: kalidadezko bizimodua izateko, ezinbestekoa da kalidadezko ingurumena.
- 11. Zalantzan jarri geure sistema ekonomikoan errotutako kontzeptuak.
- 12. Emon berbea mobimentu sozialetatik datozen proposamenei.
- 13. Ikuspegi kritikoa izateko baliabideak emon, eta negazionismoak hartzen dituan formak identifikau.
- 14. Euskeraz komunikau, jasangarritasuna sustatzeko.
Ingurumenari buruz komunikatzeko Elhuyarren dekalogoa Pernan Goñiren ilustrazinoekaz osotu da, eta hemen dago eskuragarri.
Dekalogoa aurkeztu ostean, mahai-inguru bat egin da, Guillermo Roa Zubia Elhuyarreko zientzia-komunikatzaile eta Euskadi Irratiko Ekosfera eta Norteko Ferrokarrila irratsaioen zuzendariak gidatuta. Ondoko honeek parte hartu dabe: Unai Pascual Garcia de Azilu, BC3ko ikertzailea; Eli Pagola Apezetxea, Naiz irratiko Gelditu makinak ingurumen-saioko kazetaria; Estitxu Villamor Lomas, EKOPOLeko ikertzailea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyarreko zientzia-komunikatzaile eta dekalogoaren koordinatzailea. Beatriz Egizabal Ollokiegi aktoreak egindako akta antzeztuak emon deutso amaierea mintegiari.
Proiektua, Elhuyarrek sustatu dau, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzinoa jaso dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!