16.020 ikaslek baino gehiagok hartu dabe parte First Lego League Euskadi programan
2024-02-23 09:41 KultureaEstadu mailan STEAM bokazinoei bultzadea emoten eta erreferentzia izaten.
Innobasquek, Barrikuntzearen Euskal Agentziak, Deustuko Unibersidadeak, Mondragon Unibersidadeak eta Euskal Herriko Unibersidadeak bultzatutako ekimenak bokazino zientifiko-teknologikoak sustatzea dau helburu.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, STEAM Euskadi Estrategiaren barruan, eta hiru foru-aldundiek eta gero eta enpresa pribatu gehiagok lagunduta, ibilbide horretan, 95 ikastetxek, 1.232 taldek, 16.020 ikaslek eta 1.200 boluntariok hartu dabe parte. Horrezaz gan, 15 urteotan 130 lantegi eta bisita atondu dira edizino bakotxeko erronkeagaz lotuta, eta FLL Euskadik 60 euskal erakunderen babesa izan dau.
Aurtengo 15. edizinoan, FLL Euskadik partaidetza markea gainditu dau: 2024. urtean 2.828 ikasle (aurreko aldian baino % 35 gehiago) eta 171 talde (2023an baino % 33 gehiago) ibili dira programan. Ikastetxeen kopurua be handiagoa izan da, 57 ikastetxe ibili baitira. Horreek guztiak beren proiektuagaz lehiatuko dira martiaren 2an (zapatua) hainbat egoitzatan aldi berean izango dan finalean: Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen ordu eta egun berean egingo da finala (Gasteiz lehen aldiz batu da programara). Lehen deialdi honetan sailkatzen diran taldeak Espainiako finalera joango dira; martiaren 16an izango da final hori Alacanten. Azkenik, nazinoarteko finala apirilaren 17tik 20ra izango da Houston urian (AEB).
Kontuak kontu, Deustuko Unibersidadean, Bilbon, Bizkaia osoko 16 ikastetxe batuko dira guztira, eta 46 talde izango dira lehian (24 Challenge + 22 Explore). Bestalde, Donostian, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 ikastetxetako 40 talde lehiatuko dira (22 Challenge + 18 Explore). Arrasaten, 11 ikastetxe (Bizkaiko 6 eta Gipuzkoako 5) eta 39 talde ibiliko dira nor baino nor.
Azkenik, Gasteizko EHUren egoitzan, 9 ikastetxe ibiliko dira (Arabako 6 eta Bizkaiko 3), 34 taldetan banatuta. Azken egoitza honetan, danetara 82 neska dabiz.
XV. First Lego League Euskadi
Hamabost urte honeetan, First Lego League Euskadi STEAM Hezkuntzako (zientzia, teknologia, injinerutzea, arteak eta matematika, ingelesezko siglen arabera)
erreferentziazko programa indartsua da hemen eta munduan. Sendotze horretan oso garrantzitsua da 2023ko abenduan eta aurtengo urtarrilean egindako bisiten eta lantegien hezkuntza-programa aberatsa. Gaur egun, 15. edizinoan parte hartu daben taldeak beren proiektu barritzaileak atontzen dabiz. Masterpiece izan da aurten planteautako erronkea, eta ikasleek teknologia eta sormena buztartu behar izan ditue.
Euskadiko enpresa, teknologia-zentro, unibersidade eta erakundeetako adituek ahalegin handia egin dabe urteotan guztiotan ikasleek lehen eskutik ezagutu deien zer lan egiten daben ikertzaile, zientzialari eta teknologo profesionalek, beti be edizino bakotxeko erronkearen esparruari lotuta.
Euskadin, 6 eta 16 urte bitarteko gazteen artean zientziaren eta teknologiaren aurrean interesa dauen hezkuntza-programea da First Lego League Euskadi.
Innobasque, Barrikuntzaren Euskal Agentzia da atontzailea, Deustoko Unibersidadeagaz, MU eta EHUgaz batera.
Laguntzaileak, barriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak dira. Erakunde horreen guztien konpromisoa da ikasleen artean karrera zientifiko-teknologikoakazko interesa eta hareei lotutako gaitasunak sustatzea: barrikuntza, esperimentazinoa, pensamendu kritikoa, talde-lana eta sormena, besteak beste. FLL Euskadi programea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dauen STEAM Euskadi Estrategian txertaturik dago, ikasleen formakuntza zientifiko-teknologikoa bultzatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!