'Museoaren zaindariak', gaur, ikusgai
2024-02-23 08:13 ZinemeaZinemea Euskeraz programearen barruan dator estreinaldia.
Museoaren zaindariak filma gaur, hilak 23, estreinauko da EAEko hainbat aretotan, Zinemea Euskeraz programearen eskutik. Film errusiarra euskerara bikoiztuta ikusi ahal izango dogu.
Zineuskadik sustatutako Zinemea Euskeraz programearen barruan aurten ikusiko dogun bigarren filma da, Patrick lanaren ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzautako programeak, eta ume zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskerearen zabalkundea bultzatzearren.
Filma, ondoko zinema-areto honeetan ikusi daiteke: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruña).
Datozen hilebeteetan, beste film batzuk be izango doguz Zinemea Euskeraz programearen barruan: martiaren 22an, Inseparables, eta apirilaren 19an, Dragonkeeper.
Museoaren Zaindariak
Vincent katu gaztea Maurice izeneko sagutxo bategaz alkartzen da piano zahar batean urioletatik iges egiteko. Marinel talde batek instrumentua jaso eta museora bialtzen dau. Bertan, Vincentek katuen talde bat ezagutzen dau, urteetan karraskarien eta piztien maisulanak babesten ibili dana. Vincentek benetako katu-familia bat topetea dau ames, baina ez dau bere lagun Maurice galdu gura, izan be, bizitzea salbau eutson.
Munduko pinturarik onenetako bat, La Gioconda, museora eroaten dabenean egoerea konplikau egiten da: sagu eta arratoi guztien amesa jatea da, hain zuzen be. Halanda be, ez Vincentek, ez Mauricek, ez Hermitageko katuek ez dakie bateren batek lapurtzeko asmoa dauela, eta, orain, Vincentek indarrez eta adimenez jokatu beharko dau Da Vinciren obrea salbetako, museoaren ospea babesteko eta Kleopatraren, Egiptoko ganberan bizi dan katu baten, bihotza lortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!