Aurrerapausuak bai, baina ez dira nahikoak

Bizkaie! 2024-02-22 12:46   Euskerea berbagai

Dekretu barriaren arriskuak nabarmenak dira UEMArentzat.

Euskal sektore publikoan euskerearen erabilerea normalizetako prozesua arautzen dauen dekretua laster onartuko dau Eusko Jaurlaritzeak. UEMArentzat, aurrerapausu batzuk badakarz be administrazino publikoa euskalduntzeko, ez da nahikoa, eta beste aukera galdu bat da euskaldunon hizkuntza eskubideak behin betiko bermatzeko hartu beharreko neurriei jagokenez. UEMAko lehendakari Martin Aramandiren berbetan, gehiago da orain arte egindako pausuak jasoteko dekretua, euskereak behar dauen lege babesa bermatzeko eta aurrerapausuak emoteko behar dogun dekretua baino. Euskal administrazinoan lan egin nahi dauenak euskeraz jakin behar dau ezinbestean. Ganerakoan, salbuespenei atea zabalik itxiz, eskubide urraketei be atea zabalik ixten deutsegu betiko, eta ez da hori euskereak aurrera egiteko behar dauena.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazinoetan euskerearen erabilerea normalizetako prozesua arautzen dauen 86/97 dekretua ordezkatzeko dekretu barria laster onartuko dau Eusko Jaurlaritzeak. Urte askoan 86/97 dekretua izan da EAEko tokiko administrazinoaren euskalduntzea ahalbidetzeko oinarria, baina gaur egun administrazinoan dagoan errealidadea zein azken urteetan legedian emon diran pausuak kontuan hartuta, dekretu ha eguneratzeko beharra ikusi eban Eusko Jaurlaritzeak.

UEMAk EAEko Euskerearen Aholku Batzordean dauen ordezkaritzea erabiliz, Eusko Jaurlaritzeak aurkeztutako lehen zirriborroari ekarpenak egin eutsozan 2022ko martian. Horreetako batzuk kontuan hartu ziran hurrengo proposamenetan, eta beste batzuk ez. Holan, dekretua onartu aurretik jasotako azken proposamenari be ekarpenak egin eutsozan UEMAk, euskereak hurrengo urteotan administrazino publikoan izango dauen bilakaerarako giltzarri izango dalakoan.

Sektore publiko osora zabaldu izana, aurrerapausua

UEMArentzat aurrerapausua da dekretu barria hainbat kontutan. Besteak beste, aplikazino eremua sektore publiko osora zabaldu izana oso ondo baloratetan dogu, eta estaduko administrazinoari berari be neurriak eskatzeko bidea UEMAk berak egindako ekarpenari oso lotuta dagoala ikusten dogu, adierazo dau Aramendik.

Udal Legeak jasoten dauen atzerapausurik ez emotearen printzipioa be jaso da printzipio gidarietan, baita ahoz eta idatziz hizkuntzea eskakizunen maila ezbardina eskatzeko aukerea be, horrek gaur egun lanean euskeraz dabizan hainbat langileri beharrezkoa ez dan zama bat gainetik kentzeko balio dauelako be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu