Euskal artistea jaio zaneko mendeurrena omentzeko zigilua aurkeztu dabe
2024-02-22 07:45 KultureaCorreosek eta Eduardo Chillida – Pilar Belzunce Fundazinoak.
Hernaniko Chilida Leku Museoan Eduardo Chillida eskultorearen jaiotzea omentzeko atondutako Correosen zigiluaren aurkezpenean egon dira Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazinoko presidentea, Luis Chillida; eta Correoseko Filateliako zuzendaria, Leire Díez. Tinbre barria Efemérides izeneko seriean jaso dabe.
Zigilu honetarako aukeratutako motiboan, heldutasunetik gertu dagoan Eduardo Chillidaren gorputz erdiko argazki bat ikusten da, zuri-baltzean, egurrean egindako Erliebea (1963) lanaren ondoan. Artista gipuzkoarra jaio zaneko mendeurrenerako sortutako logotipoa be ikus daiteke.
Eduardo Chillida Donostian jaio zan. Arkitekturako ikasketak itxi zituan Madrilgo Arte Ederren Zirkuituan marrazten hasteko. Geroago, 1948an, eskultore izateari ekin eutson ibilbideari Parisen. 1950ean, Pilar Belzuncerekin ezkondu eta 1951n Hernanin jarri zan biziten. Han burdina ezagutu eta hantxe egin eban bere sorkuntza-lanetan ezinbestekoa izan zan material horregaz egindako bere lehen lana. Baina egurra, hormigoia, altzairua, harria eta alabastroa be landu zituan. 1954an egin eban bere lehen banakako erakusketea, Madrilen, eta obra publikoaren inguruan lanean hasi zan Gipuzkoako Arantzazuko santutegiko ateak jarten.
Eskultore bihurtu eta hamar urtera, Veneziako 29. Bienalean Eskulturako Nazinoarteko Sari Handia jaso eban eta hori izan zan bere bizitzan zehar jasotako sari ugarietarako sarbide-atea: Bienaleko saria, 1960an Kandinskiren saria, 1966an Wilhelm Lehmbruck saria, Alemaniako Kaissering saria 1985ean, 1987an Asturiaseko Printzea saria eta 1991ko Japoniako Sari Inperiala.
Espazio edegietan txertatutako eskulturei jagokenez, obra publikoagaz lotutako bokazinoa dala eta, 49 monumentu dagoz hainbat uritan ikusgai, besteak beste, Donostia, Madril, Bartzelona, Berlin, Grenoble, Dallas, Helsinki edo Lund-en. Artistearen lana mundu osoko museo nagusietan ikusi daiteke eta hainbat uritan atondu ditue erakusketak: Berlinen, Londresen edo New Yorken, esate baterako.
Hernaniko Chillida Leku Museoa da aurerago errealidade bihurtu zan Chillidaren amesetako bat. Aire zabalean dagoan espazio horretan, obrak eta naturea bateratu egin dira eta multzo bakarra osotzen dabela esan geinke.
Chillidaren eskulturen bolumena eta espazio edegietan daben integrazinoa dira ezaugarri nagusiak, izan be, kaleetako eta urietako elementu bihurtzen dira. Ezagunenetako batzuk dira Haizearen orrazia, Donostian (11na tonako hiru pieza dira eta itsasoaren eta haizearen aurreko hartu-emonak islatzen ditu); Foruei omenaldia edo monumentua, Gasteizen; Berlin, izen bereko Alemaniako urian; edo Gure Aitaren Etxea, Gernikan. Bolumenak eta espazioak aparteko garrantzia dabe haren lanean.
2015ean, eta Arte Garaikidea izeneko seriearen barruan, Correosek bloke-orri bat sortu eban. Haren motibo nagusiak 1985ean egiten hasi zan Grabitazioak ziran eta izenburu bereko lan batzuei lotuta egozan. Papel-zatiak erabili zituan horretarako (modu independentean eta sokakaz edo uztaiakaz lotuta dagoz). Zatiak independenteak diranez, papelak mobidu egiten dira eta airea horreen artetik igaroten da. Ondorioz, alkarren artean grabitetan dabe.
Filateliak gizakiarentzat garrantzitsuak diran gure zibilizazinoko alderdi guztiak batzen ditu eta horreetako bat da, hain zuzen be, XX. mendeko eskultore garrantzitsuenetako baten jaiotzearen mendeurrena. Chillidak bat egin dau orain Filateliagaz eta mundu osoko zaleen bildumetan sartuko da.
Ezaugarri teknikoak
- Igorpena: Efemérides (efemerideak).
- Arrazoia: Eduardo Chillida jaio zeneko mendeurrena.
- Zirkulazioan jarteko eguna 2024ko zezeilak 19.
- Inprimiduteko prozedurea: Offset.
- Euskarria: iztukatua, gomeztatua, fosforeszentea.
- Zigiluaren formatua: 40,9 x 57,6 mm (bertikala).
- Zigiluaren hortzak: 13 3/4 (horizontala) eta 13 1/4 (bertikala).
- Papel-orrien efektuak: 16 zigilu.
- Zigiluaren posta-balioa: 2,10.
- Ale kopurua: 116.000 zigilu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!