Hemen da 'Matx' kirol-aplikazinoa

Bizkaie! 2024-02-22 08:54   Euskerea berbagai

Helburua da hartu-emonak erraztu eta gertuko kirol komunidade barri bat sortzea.

Hainbat hilabetez sareetan edukiak konpartiduten ibili ostean, jentaurrean erakutsi dabe Matx kirol-proiektua. Edukiez harago, gertuko kirolariak, kirolzaleak eta klubak batu nahi dituen egitasmoa da. Eta horren erakusle izan da Tabakaleran egindako agerraldi publikoa; izan be, kiroleko eragile ugari batu ditu deialdiak. Proiektuko arduradunez gan, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak, Laboral Kutxako ordezkariak eta, besteak beste, lurraldeko federazino, klub eta kirolari ugari batu dira.

Hiru ardatz nagusi

Guztiaren erdigunean aplikazino bat badago be, Matx hori baino askoz gehiago izango dala esan dabe arduradunek. Proiektua hiru zutabe nagusitan banatuko da: klubak, kirol-edukiak eta komunidadea.

Joane Kortak, TOKIKOMeko proiektu-kudeatzailea, kirol-kluben garrantziaz egin dau berba: Gertuko klubak oso garrantzitsuak dira guretzat, aplikazinoa sortu eta berau garatzeko fasean ezinbestekoak izan baitira. Besteak beste, digitalizazinoan eta komunikazinoan lagunduko deutse Matx-ek klubei, taldeetako datu baseak osotu, atondu eta alkarren artean mezuak modu seguruan trukatzeko aukerea eskainiko baiteutse. Era berean, kirol-datutegi indartsua be izango da Matx. Bakotxaren interesen araberako emoitzak, partideen datak eta sailkapenak emongo ditu gaineratu dau Kortak.

Kirol-edukiak be oso garrantzitsuak izango dira Matx -en. Gertuko kirolean jazoten danaren barri emongo dau, ikuspegi fresko eta barritzaileagaz. Eduki guztiak formatu bertikalean eta mobikorrean konsumiduteko modukoak izango dira, eta albisteak, alkarrizketak, desafioak etakirol-agendea konsultetakoo aukerea eskainiko die erabiltzaileei.

Alde horretatik, hasieratik ikus-entzunezkoen alde egin dabe esan dau Aratz Losadak, proiektuko eduki arduradunak: Gazteak izango dira gure xede-talde nagusia.Merkatua eta konsumo ohiturak ondo aztertu ostean, argo izan dogu eduki bertikal eta dinamikoen alde egin behar genduala. Horreek sortzeko, erredakzino propio bat osotu dabe TOKIKOMeko Gipuzkoako hedabideakaz: Talde-lanean gabiz eduki propioak sortzen, eta hedabide bakotxeko kirol-edukiak be jasoko ditugu Matx-en, gaineratu dau Losadak.

Taularatzen azkena proiektuko marketin eta komunikazino arduraduna izan da. Maria Balzategik Matx-en komunidadeaz berba egin dau, interakzinoaz eta sare sozialen amuaz jardun dau berbaldian: Kirol-komunidade bat sortu nahi dogu. Kirolariek, klubek eta kirolzaleek, guztiek izango dabe lekua aplikazinoan. Euren artean komunikau, argazkiak edo bideoak konpartidu, albisteak sortu... Azken finean, antzeko interesak dituenen arteko interakzinoa bilatu nahi dogu, esan dau.

Aplikazinoa izango da proiektuaren erdigune eta bertan ikusi ahal izango dira eduki guztiak, baina sare sozialen erabilerea be estrategikoa izango da, Balzategik adierazo deuenez: Gure erdigunea aplikazinoa da eta estrategia guztia bertara bideratuko dogu, baina jakitun gara sareek be aparteko garrantzia dabela gaur egun; sareak amu moduan erabiliko ditugu.

Zabaltzeko asmoa

TOKIKOMeko Gipuzkoako hainbat bazkideren babesari esker ekin jako proiektuari (Antxeta Irratia, Barren, UKT, Goiena Goierri Telebista, Pil-Pilean, 28 Kanala, Ataria eta Aiurri), baina ha landu eta egonkortzeagaz batera, gainerako bazkide eta lurraldeetara zabaltzeko asmoa dago.

Sorburuan tokiko hedabideak egon arren, hiru urte honeetan aplikazinoa jorratzen ibili diran klubak oso garrantzitsuak izan dira. Eurekaz batera landu dabeute proiektua, eta aurrerantzean be hori da asmoa: Batera gabiz zero kilometroko hedabideak eta tokian tokiko klubak.adierazo dabe.

Agintariak pozik



Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendari dan Esti Alkortaren eretxiz, Matx proiektuaren bidez kirola erabili nahi izan dogu gazteen arteko euskerearen erabilerea sustatzeko tresna lez. Benetako helburua gazteek euskerea gozamenagaz eta bizipen positiboakaz lotzea da.

Beste alde batetik, Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendariak, kirolak gizarteari egiten deutson ekarpenari erreparauta, ondokoa gogorarazo dau: personen hartu-emonak sortzeko, bardintasunaren eta aniztasunaren alde egiteko, euskeraz gozetako, alkarregazko errespetua indartzeko, bizitza ohitura osasuntsuak eta ongizate integrala sustatzeko balio dauela. Gizarte kohesionatu eta aurreratu bat eregiteko tresna baliotsua da kirola eta Matx-ek upealako potentziala dau alor horretan be. Gipuzkoan kirolaren inguruan mobiduten diran kirolari, guraso eta boluntarioak komunidade erreal bateko kide zarie. Teknologia barrien bidez hartu-emon horreek indartzea eragiten dau Matxek eta hori oso garrantzitsua da Gipuzkoa komunitate gisa indartzen jarraitzeko.

Azken buruan, Matx dobako aplikazinoa da. IOS eta Android plataformetan bilatu, deskargau eta erregistrau besterik ez da egin behar erabilten hasteko.

TOKIKOM euskerazko hedabideen sareak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak alkarlanean pentsau eta landu dabe egitasmoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Gipuzkoako futbol eta eskubaloi federazinoen babesa izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu