Teresa Errandonea: 'Erabagia hartzea ez da erraza izan'.

Koldo Isusi Zuazo 2024-02-26 07:55   Barriketan

Basque Teamen bekea izan dauen Teresa Errandonea irundarrak agur esan deutso elite mailako kirolari 21 urteko ibilbide emonkorraren ondoren. Zortzi urtegaz ekin eutson atletismoari eta berehala nabarmendu zan hesi-lasterketetan eta luzera jauzian. Kirola gustuko eban familia batean jaio zan, izan be, haren osabea José María Errandonea txirrindulari profesionala izan zan eta hainbat etapa irabazi zituan Espainiako Itzulian (3) eta Frantziako Tourrean (1). 1967ko Frantziako Tourrean Raymond Poulidorri 6 segundu atara eutsozan lehenengo etapan eta lider izan zan. Palmaresari erreparauta, Espainiako bost txapelketa irabazi ditu, Europan eta Tokioko Joko Olinpikoetan be ibili zan eta gaur egun, Teresa Enpresen Administrazino eta Zuzendaritzan graduatua da eta Salto Systemseko finantza departamentuan lan egiten dau.


1.- Zorionak Teresa makinatxu bat lasterketa irabazi dozuzalako 21 urteko ibilbidean baina triste be bagagoz mundu mailan ezaguna dan atleta batek agur esan deuskulako. Zelan zagoz? 

Ondo. Erabagia hartzea ez da erreza izan. 20 urtetik gorako ibilbidea izan da, bizi osoa egin dot maila horretan, pozik ibili naz, esperientzia ahaztezinak bizi izan dodaz, lagunak egin ditut eta momentu gogorrak be bizi izan dodazan arren, bizimodua goitik behera aldatu jat. Baina oraintxe hartzeko erabagia izan da, azken urte bi edo oso gogorrak izan diralako lesinoak izan ditudalako eta animo aldetik be ez nengoalako ondo.  Erabagia onerako izango dala pentsetan dot eta bizimoduan etentxu bat baino ez dala orain bizi dodan egoerea.  

Eliteko kirola itxi egin dot, exijentzia handikoa da, urduritasunak, ezinegonak, lesinoak... Elitekoa oso gogorra da eta lesinoak be izan ditut, motibazino faltea, ezintasuna, dana pilotuten jatzu baina kirola ezin dot baztertu, txikitan bideratu ninduen horretara eta ezin dot itxi. Gaur pistara noa proba batzuk egiten...

2.- Irundarra, 1994. urtean jaioa zara eta zortzi urtegaz kirolari ekin eutsona. Zelan gogoratzen dozu hasiera hori? 

Oso gustora ekin neutson. Beti ibili naz hara eta hona arin-arinka eta umea izan arren, atletismoa egin gura nebaka banekian baina zelan egin ez. Lehen Hezkuntzan nengoala gimnasiako maisua hasi jakun galdetzen ia nork gura eban parte hartu sortzen egoan atletismo taldean eta ni berehala sartu nintzan, gaur egun nire kuadrilakoak diran beste batzuekaz batera. Astean birritan egiten genduzan entrenamentuak eta oraintsura arte hor ibili gara elite mailan.

3.- Hesi-lasterketetan eta luzera jauzian ibili zara eta 13 urtegaz Espainiko Txapelketea irabazi zenduan, luzera jauzian. Bazenkian zelakoa zan titulu horren garrantzia?  

Bai eta ez. Edade horregaz horixe zan lehirako geunkan mugea, nazinoarteko txapelketatan ezin gendualako parte hartu eta, beraz, ezustean etorri jatan, ez nekian hor egoteko gaitasuna nebanik eta, esangura horretan, ezustekoa izan zan niretzako baina pozarren nengoan.  

4.- Bost urte aurrerago 60 metrokoan Espainiako Txapelketea irabazi zenduan kategoria absolutoan. Zeintzuk ziran zure arerioak?

Olatz Arrieta nabarmenduko deutsut, taldekideak izan arren atleta bikaina dalako eta Ramon Cid entrenatzaileagaz alkarregaz ibili ginalako. Aitatu lasterketan lehenengo eta bigarren geratu ginan hesi-lasterketan. 

5.- Gehien maite dozun modalidadea hesi-lasterketea da, 100 metrokoa (60 metrokoa estalitako pistan). Zelako entrenamentuak egiten dozuz?

Indarra lantzen dogu baina teknikea eta fisikoa be ahaztu barik. Pistan ibilten gara, jauziak egiten, ariketa piloa, abiadurea hartzeko saioak be egiten doguz. 

6.- 2020. urtean, 8.00,4 markea egin zenduan 60 metroko lasterketan eta horrek munduko txapelketan parte hartzeko balio izan eutsun baina pandemia be agertu zan...

Pandemia gorabehera, zorionez baegoan modua Nazinoarteko Txapelketan parte hartzeko baina salto txikia emoteko falta jatana lortzea ez zan erreza izan; azkenean, Ramon Cid entrenatzaileagaz entrenamendu saio bereziak egiten eta buru-belarri ibili ginan eta erabagiorra izan zan jarrera hori markea lortzeko. Ilusino handia egin eustan eta ez dot sekula ahaztuko momentu hori.

7. Europako Txapelketan debutau zenduan 2021ean eta semifinaletan sartu zinan; hori gitxi ez eta selekzinoari lagundu zeuntsan bigarren postua lortzeko. Momentu hori be ederra izango zan?

Ez dot ahaztuko. Ederra izan zan. Urterik onenetakoa izan zan niretzako. Marka horreek lortzeko egin beharreko entrenamentuetan be disfrutau egiten neban eta emoitza onak datozenean poza izaten da nagusi. 

8.- Munduko txapelketan be semifinaletan sartu zinan baina lesionetan zarenean momentu positiboak zapuztu egiten dira. Zeintzuk izan dira zuretzat lesino txarrenak? 

Akilesen tendoiagaz ibili naz baragarri, tendinopatiagaz zehatz esateko. Ehun edo fibrarik ez jatan apurtzen baina burukomin handiko lesioank dira; entrenamentuetan geldialdiak egin behar izan ditut eta holakoetan txarto sentiduten zara besteak bai baina zeuk ezin dozulako entrenau.  

9.- Tokyoko Olinpiar Jokoetan parte hartzea amesa izan da zuretzako. Kirolari batentzako hortik gora zer dago?

Amesa betetea izan zan Tokyora joatea. Txikitatik kirolariak Olinpiar Jokoetara joaten ikusi izan dodaz eta urte batzuk aurrerago norberaren burua hor ikustea sekulakoa izan da. Esperientzia ederra izan zan. Hortik gora ez dago ezer... 

10.- Zure osaba José María Errandonea txirrindulari profesionala izan zan eta Frantziako Torrean eta Espainiko Itzulian parte hartu eban. 1967ko Tourreko lehenengo etapan Raymon Poulidor handiari sei segundu atara eta lider izan zan...

Aitaren kontuak entzuten gustora egoten naz, familiako beste bat be txirrindularia zan eta bitxikeria legez baino ez bada be, Olinpiar Jokoetarako sailkatu nintzanean telefonoz egin genduan berba eta ederra izan zan aholkuak, esperientziak eta konpartidutea. 

10.- Eliteko kirola itxii ostean, zeintzuk dira zure erronkak?

Lehen be esan deutsut kirola ez dot baztertuko baina lanean segiduko dot, Salto Systems konpainian nabil eta gustora. Maila sozialean, bizi, disfrutau, bidaiak egin, trankil egotea be ez da txarra, urduritasunak eta ardurak baztertu eta astia izan edozer eta edozertan ibilteko. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu