'Ez da euskerearen normalizazinoak behar dauen dekretua'
2024-02-21 08:14 Euskerea berbagaiUrrats baikor batzuk badakarz be, dekretuaren hasierako bersinoetatik atzerapauso nabarmenak emon dira.
Eusko Jaurlaritzeak laster onartzeko asmoa dauen EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskerearen Erabilerea Normalizetako Dekretuaren azken zirriborroa. Hau 86/1997 Dekretua ordezkatzera dator eta, beraz, hurrengo urteetan administrazino publikoan eta, oro har, euskerearen normalizazino-prozesuan berebiziko garrantzia izango dau.
Euskerearen normalizazinoari jagokonean, erronka handiak ditu administrazino publikoak esku artean. Azken Dekretua onartu zala 27 urte igaro diranean, herritarrek ez dabe bermatuta instituzino publikoakaz hartu-emonetan euskerea modu librean eta albo kalterik barik hautatzeko eskubiderik, eta zer esanik ez administrazinoaren barruan euskeraz lan egiteari erreparauta. Hori gutxi balitx, azken urteetan gero eta gehiago dira euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko neurriak baliobakotu dituen sententziak, orain arteko euskerearen estatus ofiziala bera kolokan jarten dauen doktrina murriztailea ezarriz.
2022ko irailean, Euskalgintzearen Kontseiluak, ELAk eta LABek EAEko sektore publikoaren euskalduntzeari 15 urteko epemugea jarteko adostasuna aurkeztu eben. Proposamenaren helburua da epealdi horretarako lanpostu guztietan euskerazko gitxieneko ezagutzak bermatzea, herritarren zein langile publikoen hizkuntza-eskubideak bermatzeko, administrazinoaren betebeharra beteteko eta euskerearen normalizazinoan aurrera egin ahal izateko.
Kontseiluaren eretxiz, dekretu barri honek herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu eta euskeraz jardungo dauen administrazino baterako transizino-prozesua marraztu beharko leuke, horretarako epe eta neurri zehatzak finkatuz, baita, bizi dogun oldarraldi judizialaren testuinguru honetan, euskerearen normalizazinoan emoten diran urratsei babes juridiko sendoa eskainiz be. Kontseiluaren ustez, dekretu barri honek ez deutse erantzuten euskerearen normalizazinoak egun dituan erronka, hutsune eta betebeharrei, ez dau jauzi sendorako bokazinorik.
Dekretuak baditu alde positiboak eta Kontseiluaren ustez, dekretu honek jokera eta urrats baikor batzuk jasoten ditu, besteak beste, positiboak dira eragin esparrua sektore publiko osora zabaltzea, euskerazko administrazino-unidadeak jaso izana, hautaketa prozesuetan azterketea euskeraz egin beharra ezarri ahal izatea, euskerearen ezagutza mailea azterketa bidez egiaztatzeko aukerea edota, lanpostu bakotxaren funtzinoen arabera, hizkuntza-eskakizun asimetrikoak ezartzeko aukerea.
Edozelan be, Kontseiluaren ustez, dekretu barriak aurrerapauso batzuk badakarz be, ez deutso erantzuten abagune honetan euskerearen normalizazinoak sektore publikoan dituan erronkei eta benetako posibilidadeei, izan be, badago aukerea salto sendoagoa emoteko, baina aukera horri uko egin jako.
Kontuak kontu, dekretu barriari aitatu saltoa egiteko bokazinoa falta jako eta, hainbat kasutan, agirikoa da oldarraldi judizialak dekretu honen garapena modu nabarmenean baldintzatu dauela. Anbizinoz jokatu eta oldarraldi judizialak ezarritako mugak gainditu beharrean, epaitegiek ezarritako murrizketak islatu dira dekretuaren azken bersino honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!