Antiquity aldizkariak Irulegiri buruzko ikerketea argitaratu dau

Bizkaie! 2024-02-20 12:50   Kulturea

Eskuak ziurtatzen dau baskoiek bere hizkuntzean idazten baekiela.

Antiquity aldizkariak, A Vasconic inscription on a bronze hand: writing and rituality in the Iron Age Irulegi settlement (Ebro Valley) artikulua kaleratu dau, Mattin Aiestaran Aranzadi Zientzia Alkarteko arkeologoaren, Javier Velaza, Bartzelonako Unibersidadeko Latindar Filologian katedradunaren eta Joaquin Gorrochategui EHUko Indoeuropar Linguistikako katedradunaren eskutik.

Artikuluak Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuaren kontestualizazinoa egiten dau (Aranguren ibarra, Nafarroa), Brontze Aro erdialdean sortu (K.a. XVI.-XII. mendeak) eta K.a. I. mendearen lehen hereneraino okupauta egon zana, aztarnategia eraso eta abandonau arte.

Eraso hori Sertoriar Gerrearen (K.a. 82-72) testuinguruan kokatzen da, erromatarren arteko gerra zibilean, eta testuinguru horretan interpretau behar da. Kinto Sertorio gobernadorearen eta Gneo Pompeio Magnoren arteko burrukakaz sortu zan kanpainea, Iberiar peninsulako zati handi batera zabalduz, Ebrora.

Barreskurautako milaka objektuen artean, Antiquity-ren artikulua Irulegiko Eskuaren analisian oinarritzen da. Halanda ze, eskua azpisistema grafiko paleohispaniko batean idatzita dagoala adierazoten dau, orain arte dokumentau dan epigrafia baskoiaren lehen testu osoa izanik. Holan, eskuak ziurtatzen dau baskoiek bere hizkuntzan idazten baekiela. Eskuaz harago, Irulegiko idazkeraz zerikusia daben beste material batzuk be topau dira, besteak beste, zeramika bi, inskripzino esgrafiatuak dituenak; eta stilus bat, oholtxoetan idazteko.

Azterketea linguistikoari jagokonez, Velaza eta Gorrochateguik testuaren transkripzinoaren eta interpretazinoaren aurrerapenen barri emon dabe, piezea bigarren aldiz zaharbarritu ondoren. Holan, Irulegiko testuak barritasun bi aurkezten ditu: lehen berbearen irakurketea berezia da, bersino esgrafiatuan (sorioneke) eta punteautako bersinoa (sorioneku); eta bigarren lerroko lehen zeinuaren aldaketea, orain te berbearen ordez ku bezela transkribiduten dabena. Artikuluak, ganera, hizkuntzalariek emondako xehetasunak eransten ditu, tartean Fontes Linguae Vasconum eta Palaeohispanica aldizkarietan 2023ko abenduan argitarautakoak.

Testuinguru arkeologikoaren garrantzia Irulegin

Artikuluan, baskoien kokalekuei, horren bizimoduari eta inguruko gai ez-materialei buruzko ikerketen oinarriak ezartzen dira, esaterako hizkuntzeari edo sinismenei buruzkoak. Bertan argitaratzeak bultzadea  emongo deutso ikerketa arkeologikoari, Aiestaranen taldeak erabilitako metodologia zorrotza balioan jarriz.

2023ko abuztuan, Aranzadik, Europako Arkeologia Alkarteak emondako 2023ko Europako Arkeologia Saria jaso eban, eta Antiquity-ko artikuluaren publikazinoak Irulegiren oihartzun internazionala sendotzen dau.

Antiquity 

Antiquity nazinoarteko arkeologia-aldizkaria da, mundo osoko adituek barrikusia. Urtean sei aldiz argitaratzen da, eta Durhameko Unibersidadeko Robert Witcher doktoreak zuzentzen dau. Aldizkaria 1927an sortu zan eta Cambridge University Press editorialak argitaratzen dau. Antiquity arkeologiaren arloan mundu osoan eragin handieneko zientzia-aldizkaria da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu