eLiburutegia % 32 hazi da hiru urtean
2026-04-23 10:26 KultureaEuskadin kulturea eskuratzeko modua da.
Liburuaren Egunagaz bat, jakinarazo da Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako Euskadiko liburutegi digital publikoak, eLiburutegiak, hazten jarraitzen dauela eta herritarrek gero eta gehiago erabilten dabela. 2025ean, zerbitzuak 165.464 mailegu digital egin ditu, hau da, 2024an baino % 12,38 gehiago eta 2022an baino % 32 gehiago.
Hazkunde hori erabiltzaileen kopuruan be islatzen da: 2025ean, 20.947 personak erabili dabe modu aktiboan plataformea, aurreko urtean baino % 15 gehiagok eta orain hiru urte baino % 33 gehiagok. Alta barrien kopuruan oso hazkunde handia izan da: 11.946 personari altea emon jake zerbitzuan 2025ean, 2024an baino % 32 gehiago dira eta 2022an baino bi aldiz gehiago dira (% 104). Bistan dago gero eta zabalduago dagoala formatu digitaleko kulturea.
Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eretxiz, eLiburutegia zifretan handitzeaz gan, argi dago gero eta jente gehiagok erabilten dauela kultura publiko digitala eta hori txertatzen dauela bere eguneroko bizitzan. Gaur egun kultura publikoa herritarren eskura dago, doban da eta edozein momentutan eskuragarria baita.
eLiburutegiari esker, erraz eskuratu daiteke kultura-eskaintza digital zabala. Plataformearen bidez, liburutegi-txartela dauen edozeinek liburu elektronikoez, audioliburuez, aldizkariez, zinemaz eta beste eduki digital batzuez gozau leike, mobikorra, tableta edo ordenagailua erabilita.
Zerbitzua eskuragarri dago eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, joan-etorri eta itxaronaldi barik eta itzulketak eta zigorrak ezabatzen dituan mailegu-sistema automatikoaren bidez. Erabiltzaileek gustukoen dituen obrak gorde leikiez, zerrenda personalizatuak sortu eta beste obra batzuk proponidu leikez, izaera publikoa, hurbila eta parte-hartzailea indartuta.
Bengoetxea lehendakariordeak zehaztu dauenez, kultura-sistemea egungo bizi-ohituretara egokitzen dago eta irakurteko, entzuteko eta edukiak eskuratzeko este modu batzuk dagoz eta horreek indartzen gabiz; bizi garen lekuan bizi gara, persona danok modu berean eskuragarri dogu kulturea, baita ingurune digitalean be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
