Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) V. Mendeurreneko erakusketa-programazinoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2026-04-23 07:45   Kulturea

Proposamenak erakusketa bi ditu, jente guztiarengana heltzeko.

Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak inaugurau dabe Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) V. Mendeurrena ospatzeko erakusketa-programazinoa. Ekimenaren helburua da, euskal autogobernuaren eta demokraziaren oinarria eta Lurralde Historikoaren nortasuna bera dan testu erabagigarriaren garrantzia herritarrei hurreratzea.

Proposamenak erakusketa bi ditu, jente guztiarengana heltzeko: Foru Liburutegiak adituentzat eta ikertzaileentzat diseinauako izaera teknikoko eta zorroztasun zientifikoko erakusketea jasoko dau bere Areto Nagusian abuztuaren amaierara arte. Bertan, balio historiko handiko beste pieza batzuen artean, Bizkaiko Foru Barriaren (1526) jatorrizko liburua egongo da ikusgai.

Beste alde batetik, diseinu bisual eta irisgarriagaz, metroko geltokietan be egongo dan eta hainbat udalerri zehartuko dituan erakusketa ibiltaria ipini da Bilboko Kale Nagusian, jente guztiari zuzendua. Oinarri historiko horren garrantzia herritarrei helarazotea da asmoa.

Ekitaldian, Elixabete Etxanobe Landajuelak erakundeen arteko lankidetzearen balio sinbolikoa azpimarratu dau, Foru Barriaren inportantzia historikoa zabaltzeko eta gogora ekarri dau oinarri hori Unescoren Gizateriaren Ondarearen Erregistroan sartzea aztertzen dabizala. Ana Otadui Biterik bere aldetik nabarmendu dauenez, Foru Barriak Batzar Nagusiak erakundeak gaur egun bardintasun, askatasun eta itun printzipioetan oinarrituta eztabaidarako eta akordiorako gune lez daben egitekoaren jatorria irudikatzen dau.

Erakusketearen aurkezpen ekitaldian izan dira Itziar Alkorta Iura Vasconiaeko presidentea; Gregorio Monreal Zia erakunde bereko ohorezko presidentea; eta Imanol Merino eta Rosa Ayerbe erakusketearen komisarioak.

Erakusketearen eukiak, 1526an Gernikako Arbolearen azpian testua onartu eta Karlos I.ak 1527an berretsi izana lako mugarriak erakusten ditu, bere garairako balio aurreratuak nabarmenduz, horreen artean kaparetasun unibersala eta habeas corpus dalakoa. Izan zirelako gara goiburupean, erakusketearen indarra dan Foru Barriaren onarpenaren gomuteak, Bizkaiaren sistema politiko propioa bizkaitarrek euren kabuz gobernetako daben eskubidean oinarritzen dala azpimarratzen dau.

Kontuak kontu, Foru Barriaren 500. urteurreneko erakusketa-programazinoak ikusleen profilaren arabera banatzen ditu bere eukiak, zorroztasun akademikoa eta herritarren arteko zabalundea buztartuz. Holan, Foru Liburutegian (Areto Noblea), elementu nagusia eta nabarmenena erakutsiko da: 1526ko Bizkaiko Foru Barriaren jatorrizko liburua. Ale zaharragaz batera hainbat edizino egongo dira, XVI. eta XXI. mendeen artean inprimidu ziran Foru Zaharra, Foru Barria edo Erabarritua, baita Enkarterriko Zuzenbidea be.

Beste alde batetik, Kale Nagusian, Foru Jauregiaren alboan, Bilbon, dibulgazino-bokazinoa besterik ez dauen erakusketa ibiltaria instalau da, dinamikoa eta jente guztiarentzat irisgarria. Erakusketearen zati hori autogobernuaren mugarrietatik ibilbidea egiten daben gaikako hamar panelen bidez atontzen da:

• Historia eta jatorriak: Jaun Zuriaren legendatik eta Jaurerriaren jatorritik, 1526an Gernikako Arbolearen azpian testua onartu zan arte.
• Eskubideak eta gizartea: emakumearen zeregina eta parekatze juridikoa nabarmentzen dira, baita garairako oso aurrerakoiak ziran askatasunak be, Habeas corpus, merkataritzarako askatasuna eta herentzien erregulazinoa, besteak beste.
• Gobernantzea eta fiskalidadea: oinarrizko kontzeptuak azaltzen ditu, besteak beste, foru-baimena (kanpoko legeei buruz erabagiteko gaitasuna), Ekonomia Ituna sortu eban fiskalidade sistema propioa eta Foruak beste demokrazia batzuetarako eredu lez dauen eragina, John Adamsek, AEBetako Konstituzinoaren aitak, Bizkaiko erakundeakazko erakutsi eban interesa aitatuz.

Bizkaiko uriburuan egon eta gero, erakusketa ibiltariak Balmaseda, Bermeo, Portugalete eta Galdakao bisitauko ditu datozan hilebeteetan. Aldi berean, eta bersino txikiagoagaz, erakusketea metroko geltoki batzuetan be geldituko da, horreen artean Zazpi Kaleetan (maiatzean), Gurutzetan (bagilean), Moyuan (garagarrilean) eta Basaurin (abuztuan), dibulgazinoa errazteko.

Foru Barria

Bizkaiko Batzar Nagusiek 1526an onartu eben Foru Barria eta, ondoren, Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsi eban. Testu honek Bizkaiko zuzenbidea bera eguneratzeaz gan, ohituratik datozen erabileretan, zintzotasunetan eta askatasunetan oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotuz.

1526ko erreformeak erabilten ez ziran arauak ezabatu zituan eta sasoira egokitutako xedapen barriak txertatu zituan, XIX. mendearen amaierara arte indarrean egon zan eredu aurreratua finkatuz. Mugarri historiko honek foru-erakundearen barrikuntza eta bardintasunean, askatasunen babesean, itun instituzionalean eta nortasun kolektiboan sendotzean oinarritutako gizartea eregitea islatzen ditu.

Azken bost mendeetan printzipio horreek arrasto sakona itxi dabe Bizkaiko herritarrakan eta kultura politikoan. Kaparetasun unibersalak, betebehar militarren mugak, atxiloketa arbitrarioei aurre egiteko askatasunak eta eskubide ekonomiko eta sozialen erregulazinoak oso argi erakusten dabe, 500 urte bete arren, edukia aurreratua izan zala garai haretarako. Gaur egun Foru Barriak autogobernuaren oinarri eta etorkizuneko eguneraketetarako potentziala dauen erreferente izaten jarraitzen dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu