1936ko gerran Abadiño 14 aldiz bonbardeau eben altxamenduaren aldeko faxistek

Bizkaie! 2026-04-27 07:35   Kulturea

Eraginak jasoten dituan liburua jentaurrean aurkeztu dau Gerediagak.

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburua aurkeztu dau Gerediaga Alkarteak Abadiñoko Udalaren babesari esker. Ikerketeari orain urte bi ekin eutsen eta horren emoitzea Jesus Mari Arruabarrena abadiñarrak idatzi dau. Gerra garaiko jazoera historikoak, artxiboetako datuak eta herritarren testigantzak batu ditu lanean. Herri-oroimena jasoteko ariketa honetan lan-talde zabala izan dau lagun.

Abadiñoko memoria historikoari buruz ez da azterketa orokorrik landu orain arte: balio eta inportantzia handiko ikerlana da, izan be, informazio barri ugari jaso dabe ikerlariek eta zenbait jazoera argitzeko balioko dau. Altxamendu faxistearen eta ondorengo gerrako biktima izan ziranak gogoratzea eta autortzea izan da helburua, adierazo dabe Gerediaga Alkarteko ordezkariek. Abadiñoko Udalak be ekimena eskertu dau: Abadiñoko Udalak herriko memoria historikoa berreskuratzeko hautua egin dau eta lan hau aurrerapausu handia da. Eskerrak emon nahi deutseegu Gerediaga Alkarteari eta testigantzak emon dituen herritarrei. Danon artean Abadiño memoria dauen herria izatea lortuko dogu, azaldu dabe udal arduradunek.

Gerreagaz zerikusia izan eben 294 abadiñarren izenak publikau dira liburuan, Jimi Jimenez historialariak landutako atalean. Zerrendak tipologien arabera sailkatuta dagoz: gudari eta milizianoak, langile batailoietara behartuak, epaituak, errefuxiatu eta ebakuautakoak, bonbardaketetan hilak eta zaurituak, fusilatuak, eskumatarrak, soldadu eskumatarrak, mobilizautakoak, industriako langileak eta bestelakoak (ikerketarako konsultautako artxiboen zerrenda behean). Horreen guztien biografia laburrak QR baten bidez erantsi dira liburuan, eta dokumentua Gerediaga Alkarteko Dokumentategian dago ikusgai.

Kontuak kontu, ikerketeari esker emoitza eta ondorio esanguratsuak azaleratu dira: nabarmentzekoa da altxamenduaren aldeko faxistek sarritan bonbardeau ebela Abadiño. Lehenengoz, 1936ko irailaren 29an, Lebarion bonba bat bota ebenean. 1937ko apirilean Urkiola bost egunetan bonbardeau eben, Saibi lautan, eta Arteagabason be jaurti zituen bonbak egun batez.

Dokumentazinoetan topautakoez gan, testigantzei esker beste zonalde batzuetan be antzeko erasoak izan zirala jakin dabe ikerlariek: Amaitermin auzoan, Muntsaratzeko Aldekoaurre baserrian eta Atzategi baserrian.

2024an Gerediaga Alkarteak Durangoko bonbardaketei buruzko ikerketa barrian, lau personaren heriotza agirietan Bombardeo Abadiño jarten eban, Basurtoko ospitaleko sarrera erregistroan Durangoko bonbardaketatik etozela zehaztu arren: Teodora Arieta-Araunabeña, Feliciana Arrieta, Antonio Garaigordobil eta Estefana Agirre. Hori dala eta, kasu horien inguruan ikertzeko beharra adierazo eban Gerediagak. Bada, Abadiñon garatu dan azterlanaren ostean, ezin da egiaztatu 1937ko martiaren 31n Abadiño be bonbardeau izan zanik, izan be, Arieta-Araunabeña eta Arrieta Durangoko bonbardaketearen ondorioz hil zirala informau dabe senideek, eta Garaigordobil Amaitermiñen izandako eraso baten eraginez, apirilaren 1ean. Agirreren kasua geratzen da argitu barik.

Ikerketan jasotako datuen arabera, 1936an eta 1937an Euskal Herrian eginiko bonbardaketa askotan gitxienez 23 abadiñar hil zituen faxistek, eta beste 7 zauritu be bai.

Alemaniarren presentzia eta Saibiko burrukak

Abadiñon soldadu alemaniar nazien presentzia egon zala azaltzen da ikerketan. Lekukoen testigantzek erakutsi dabe Gerediaga auzoan eta inguruko basoetan hainbat soldadu egon zirala, baita herriko eleizpean zein abadetxean be.

Besteak beste, gerrarako tankeak erabilita gauzatu zituen erasoak. Saibi mendian, gerrako bataila gogorrak izan ziran; gudari eta miliziano askok galdu eben bertan bizia. Horri buruzko hainbat informazino batu da liburura, orain arte eginiko ikerketak eta abadiñarren kontakizunak aintzat hartuta.

Errepresinoa udalean eta herrian

Francoren aldekoek garaipen militarra lortu eta agintea hartu eta errepresinoa ezarri eben udalean zein herrian. Udaleko zenbait kidegaz batera herrian atondutako defensa komitearen buru izatea egotzi eutsen Jose Mari Angulori eta Larrinagan kartzeleratu eben. Heriotza-zigorra eta 1937ko abuztuaren 5ean fusilau eben.

Hauteskundeetan demokratikoki hautatutako ordezkarien kontra egin eben. Abadiñon, Sotero Badaia alkatea eta bost zinegotzi errepresaliau zituen gitxienez: Patxi Iturriagagoitia, Hipolito Ardanza, Pablo Agirre, Martzelo Munitxa eta Maurizio Zubero. Sotero Badaia alkatea, Durangon egun batzuk igarota Upomendi itsasontzira eroan eta ondoren kartzelarik kartzela ibili eben: Larrinaga, Iruñea, Ezkaba, Astorga eta Xixon. Ezkabako igesean be parte hartu eban haren ondorengoek kontau dabenez. 1943ra arte egon zan preso.

Udal ordezkariez gan, bederatzi langileren depurazinoak egin zituen faxistek. Horreetako bi, Luzio Usabel aguazila eta Antonio Emilio Basterretxea idazkaria, kartzelara zigortu zituen.

Udalean bezela, herrian be atxiloketa ugari egin zituen, besteak beste, Emakume Abertzaleen Batzako presidentea eta presidenteordea, Julia Abaitua eta Josefina Iturriagagoitia, Orueko kartzelan sartu zituen.

Gerraostea be gogorra

Testigantzetako istorioek erakusten dabe gerraostea gerrea bezain gogorra izan zala askorentzat. Debeku eta jazarpen politikoak aurrera eroan zituen frankistek eremu askotan, izan be, aitagarria da zenbait emakume zigortu zituela eta kasuren baten ulea moztu be bai.

Frankismoko doktrinea ezarri eben eskolan eta kalean. Auxilio Socialeko barnetegi bat be atondu eben, Piedad Bengoetxearen jaubeko etxea errekisauta. 3 eta 7 urte arteko umeentzako zan eta diktadurearen balio eta sinismenak barruratzeko helburua eban. 1939-1940an zabaldu eta 1950eko hamarkadako hasierara arte egon zan barnetegia martxan. Atal hori idazteko, Marta Calvo ikerlariaren lana eta herritarren informazinoak hartu ditu oinarritzat Arruabarrenak.

Bestalde, hainbat lekukok kontau dabe gosea pasau ebela eta elikagaien errekisak eta konfiskazinoak egon zirala.

Alkarrizketak ikusgai

Jesus Mari Arruabarrena eta Gerediaga Alkarteko kideez gan, Durango 1936 Alkarteko kideek be lagundu dabe alkarrizketak egiten. 40 herritarrakaz barriketaldiak izan ditue eta horreetako hogei bideoan grabau be bai: garaia.gerediaga.eus webgunean dagoz ikusgai.

Liburua salgai

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburua (euskeraz zein gaztelaniaz, bersino bitan) Abadiñoko Estankoan, Petite kioskoan eta Durangoko Arteka, Etxebarria, Hitz eta Urrike liburu-dendetan dago salgai.

Horrezaz gan, online be erosi daiteke Elkarren webgunearen bidez.

* Hurrengo artxiboak konsultau dira ikerlanerako:

Abadiñoko Udal Artxiboa, Abadiñoko Bake Epaitegia, Elizaren artxiboak, Durangaldeko epaitegiak, Bilboko Udal Artxiboa, Bilboko edo Basurtuko Ospitale Zibila, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Bizkaiko Probintziako Artxibo Historikoa, Euskadiko Artxibo Historikoa, Memoria Historikoaren Dokumentazino Zentroa, Artxibo Historiko Nazionala, Administrazinoaren Artxibo Orokorra, Espetxe Ministerioaren Artxiboak, Avilako eta Guadalajarako Artxibo Militar Orokorrak, Ferroleko IV. Lurralde Auzitegi Militarraren Artxiboa, Aldizkari Ofizialak, Gogora Institutuaren datu-basea eta egunkari zaharretako hemerotekak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu