Vicomtech erakundea Euskaltzaindiaren hirugarren erakunde atxikia izango da

Bizkaie! 2026-04-24 12:29   Kulturea

Eremu digitalean hizkuntzen garapen teknologikoan egindako ekarpenagatik izentau dau Euskaltzaindiak.

Vicomtech erakundea Euskaltzaindiaren hirugarren alkarte atxikia izango da, UZEI eta Elhuyarrez gan. 

Kontuak kontu, Vicomtechek eta Euskaltzaindiak lankidetzea indartzeko lau urterako hitzarmena sinatu dabe gaur. Hitzarmenaren eskutik, aurrerantzean zientzia-eremu eta eremu teknikoetan lankidetzea indartzeko konpromisoa hartu dabe erakunde biek, baita nazinoarteko proiektu bateratuetan parte hartzea be.

Hitzarmenaren izenpetze-ekitaldian izan dira Julián Flórez Vicomtech-eko zuzendari nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua.



Hona hemen erakunde bien arteko alkarlanerako eremuak:

1. Euskaltzaindiak euskerearen batasun bidean hartu dituan arau, gomendio zein erispenen zabalkundea eta gizarteratzea.
2. Ingurune digitalean euskerearen presentzia bermatzeko beharrezko baliabide digitalen azterketea, identifikazioa zein garapena.
3. Ingurune digitalean, euskerearen erabilera jasoa sustatzeko produktuak, egitasmoak, ekimenak eta jarduerak.
4. Ikerketa aplikatuko proiektuak egitea interes komuna agiri daben eremuetan.
5. Alde biek sustatu edo alde bien lankidetzea jaso leikiezan kontaktuak, eta sare eta proiektuak identifiketea.
6. Barrikuntza jarduerakaz lotutako topaketa, konferentzia, prestakuntza-jarduerak eta zabalkunde lanak atontzea, ezagutzak sortzea eta eraldatzea erakunde sinatzaileek konpartiduten dituen interes komunetan.
7. Ordezkaritza eta lan-foroetan, biltzarretan, kongresuetan eta bestelakoetan parte hartzea, maila
autonomikoan, estaduan edo nazinoartean.
8. Alkarri aholkuak emotea erakunde biek garatutako jarduerakaz lotutako gaietan. 
9. Erakunde biek beharrezko finantziazinoa bilatzea, beren eskumeneko inguruneetan ikerketara, ezagutzearen eta teknologiaren transferentziara bideratutako ekintzak jorratzeko.
10. Alkarren interesetarako egokitzat joten diran gainerako jarduera guztiak, alderdien gaitasunen eta esparru-akordio honen helburu diran jardueren barruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu