Uriko Liburutegien asistentziaren kopurua %24,8 igo da 2023an

Bizkaie! 2024-02-20 10:17   Kulturea

Guztira, 661.871 bisita izan eben.

Uriko Udal Liburutegiek eskaintzen dituen zerbitzuen erabilerea eta erabiltzaileen kopurua nabarmengarri handitu da, izan be, 2023. urtea pandemia eta gero inolako mugarik izan ez dauen lehen urtea izan da. Hori dala eta, jardueren eta zerbitzuen eskaintzak bere ohiko erritmoa barreskuratu dabe, 2019an jasotako datuen antzeko datuak lortuz.

Alde batetik, liburutegietara joan diranen kopuruak %24,8 gora egin dau, eta guztira 661.871 bisita izan eben 2023ko urtarriletik abendura. Bestalde, 3.637 personak eskatu eben karneta igaz, eta dagoeneko 118.904k dabe. Bazkide horreek 312.797 mailegu egin eben, batez beste 1.100 mailegu urteko egun bakotxeko.

Bilboko Udalak azpimarrau dau adin guztietako biztanleen artean irakurzaletasuna bultzatzearen eta indartzearen alde egiten gagoz. Ezinbestekotzat jotzen dogu Udalaren kultura-gune horreen erabilera bultzatzea, jarduera eta zerbitzu zabal eta askotarikoagaz. Bilbotarrek zerbitzu-katalogo zabal eta oso zainduaz gozatzen jarrai deien ahalegintzearen aldeko apustua egiten dogu, irakurtzeko ohitura sendotzeko eta zaintzeko.

Gauzak horrela, 2023an zehar, Udal Liburutegiek 562 kultura-jarduera egin eben, eta horreetan 7.244 persona egon ziran. Internetera sartzeko zerbitzuak be gora egin dau: 16.279 saio erregistrau ziran liburutegietako erabilera publikoko ordenagailuetan, aurreko urtean baino %10 gehiago.

Sareko ekipamenduen kopurua, ondoko honeek dira: Liburutegi Nagusi bat, Bidebarrietakoa; Barruti Liburutegi bi, Deustukoa eta Begoñakoa; eta hamabi Auzo Liburutegi: Basurtukoa, San Inaziokoa, Zurbaranbarrikoa, Castañosekoa, Otxarkoagakoa, San Frantziskokoa, San Adrianekoa, Iralakoa, Ibaialdekoa, Errekaldekoa, Zabalakoa eta Zorrotzakoa; eta Buiako zerbitzugunea.

Eskatuena

Honeek izan dira Bilboko Udal Liburutegietako erabiltzaileek maileguan gehien hartu dituen liburuak:

  • Helduentzako gaztelaniazko liburuak: Javier Díez Carmonaren Solas; Eva García Sáenz de Urturiren El libro negro de las horas; eta Mikel Santiagoren El Mentiroso.
  • Helduentzako euskerazko liburuak: Nerea Ibarzabal Salegiren Bar Gloria; Anari Alberdi Santestebanen Gari eta goroldiozko; eta Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Joseba Larratxeren Ni ez naiz Mikel Laboa.
  • Gazteentzako gaztelaniazko liburuak: Kayoko Kishimotoren Naruto; Kohei Horikoshiren My Hero Academia; eta Eiichiro Odaren One piece.
  • Gazteentzako euskerazko liburuak: Mattero Gauleren Dinosauroak, Simon Millerren Ibilgailuak; eta Tomomi Usuiren Cube Arts.
  • Musika grabazinoei jagokenez, maileguan gehien itxi diranak ondokoak izan dira: Bruce Springsteenen Only the strong survive; Sílvia Pérez Cruzen Toda la vida, un día, eta Rozalénen Matriz.
  • Ikus-entzunezkoei jagokenez, gehien eskautako pelikula La Ballena izan zan, eta, ondoren, Patria eta Bullet train filmak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu