Urduñako harresiaren berreskuratze lanak bisitau ditue

Bizkaie! 2024-02-19 13:42   Kulturea

Helburua Urduñako kultura-ondare berezia sendotu eta balioesteko proiektua finantzietea da.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Urduñako alkate Iker Santocildes-ek parte hartu dabe bisitan Kultura sailburuorde Andoni Iturbek eta Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk lagunduta.

Eusko Jaurlaritzeak 675.000 euroko dirulaguntzea emon deutsoo Urduñako Udalari 2022 eta 2023an harresia zaharbarritzeko. Eusko Jaurlaritzeak ezarritako Aiaraldeko Lehentasunezko Jarduera Eremuko (ZAP) inbersinoen artean kokatu behar da dirulaguntza hau, hain zuzen be, 2020ko zemendian Euskadiko ekonomiaren eta enpleguaren susperraldiari aurre egiteko onartu eban Berpiztu programearen barruan.

Dirulaguntzearen helburua Urduñako kultura-ondare berezia sendotu eta balioesteko proiektua finantzietea da. Harresia Urduñako Hirigune Historikoaren zati da eta 1997an, EAEko Babes Bereziko Kultura Ondasun izentau eben, Monumentu Multzo kategoriagaz.

Gaur egun konserbetan dana Urduñako alde zaharrean XV. mendean uria inguratzen eben harresi gotikoen zati bat da. Sileriazko harresi bat da, mensuloi bikotxagaz eta eleizearen burualdea inguratzen dauen ingurubideko pasealekurako sarrerea da. Urduñako urigunea harresiz inguratuta dago, eta Eusko Jaurlaritzearen dirulaguntzearen bitartez udaletxetik Andra Mari parrokiaren artean dagoan harresiaren horma-atala zaharbarritzeko bideratu da, baina uriko hainbat gunetan be tartekatzen da harresia.

Urduñako Udalak 2022ko zemendian aurkeztu eban Andra Mari parrokiaren eta harresiaren arteko parkearen proiektua. Urduñako ondare historikoari eta arkitektonikoari balioa emotea dabe helburu lanek eta ondarea konserbeteagaz batera herritarren erabilerarako eta gozamenerako parke bat sortu nahi dabe. Eremu horretan eszenatoki bat, pasabide bat eta lorategi bat eregiko ditue.

Gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu dauenez, Urduñako uria leku esanguratsua da historian eta honen ondorioz badau ondare garrantzitsu bat: ondare historikoa berreskuratzea eta balorean jartza oso garrantzitsua da gure iragana ezagutu nahi badogu eta etorkizunean be hurrengo belaunaldiei honen ezagutzea helarazo nahi badeutsagu. Danon artean egin beharreko lana da. Erakundeen arteko lankidetzea eta herritarren inplikazinoa behar dira. Kultura 2028 Plan Estrategikoak aparteko garrantzia emoten deutso gure ondarearen gizarteratzeari. Herritarren eskura jarri behar dogu gure ondarea batetik historiaren zati bat ezagutzeko eta bestetik ondare horretaz gozetako”.

Zupiria sailburuak gogorarazi dauenez, ZAP proiektuen helburua eskualdearen garapena sustatzea da eta oraingo honetan ondarea balioan jarrita egin nahi dogu.

Beste alde batetik, Urduñako alkate Iker Santocildesek eskertu egin dau Eusko Jaurlaritzeak egindako ahalegina Urduñako ondare historikoa balioan jarteko eta bertan bizi diran personei eta bisitariei gure iragana eta historia ezagutzeko aukerea eskaintzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu