Arabako Errioxako 'Trikuharrien Ibilbidea' aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-02-19 12:35   Kulturea

Euskadiko zikloturismoaren estrategiaren barruan.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok bizikletaz egiteko Arabako Errioxako Trikuharrien Ibilbidea aurkeztu dau, Euskadiko zikloturismoaren estrategiaren barruan. Sailburuagaz batera, Cristina González Arabako Aldundiko diputadu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismoko diputaduak eta Nagore Trepiana Guardiako Udaleko lehen alkateorde eta Turismo, Hirigintza, Euskera eta Hezkuntzako zinegotziak parte hartu dabe.



2023a mugarria izan zan geure zikloturismo-estrategian, eta ziur gagoz Euskadi erreferente bihur daitekeela munduan, adierazo dau sailburuak. Helburu horretara heltzeko, Arabako Errioxako Trikuharrien Ibilbidea beste pausu bat da euskal autonomia-erkidegoko zikloturismo kulturalaren eskaintzan.

Cristina Gonzálezek azpimarratu dauenez, Arabak eremu ezin hobea eskaintzen deutse errepideko, mendiko edo gravel edo legarreko bizikleta zaleei, bigarren mailako errepide-sare zabala eta gitxi ibilitakoa dagoalako; 1.100 kilometro baino gehiagoko ibilbide berdeak eta pista eta bidezidor askoz gehiago; eta BTT zentro bi, zerbitzuez hornidutakoak.

Ibilbidea historiaurrea eta bertako naturea ezagutzeko aukera ederra da Guardia, Kripan, Samaniego, Villabuena, Leza eta Páganos herriak ezagutzeko, baita horreetako eskaintza enoturistiko guztiaz gozetako be, zehaztu dau diputadu nagusiordeak.

Ibilbide horreek aukerea emoten deuskue geure turismo-eskaintzea handitzeko, eta Euskadiko zikloturismoaren helburuak indartzeko: desestazionalizazinoa, turismo-fluxuak lurraldean banatzea eta egonaldia handitzea. Halanda ze, ibilbideen bidez lurraldea egituratzen laguntzen dogu, eta turismo-jarduerak sortzen dauen aberastasuna helmuga osoan banatzen, gaineratu dau Javier Hurtadok.

Horrenbestez, zikloturismoak txangozale konprometiduak erakartea lortzen dau, ingurumenaren, gizartearen, kulturearen eta ekonomiaren jasangarritasuna bermatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu