Euskadin 17.235 kultura-ekitaldi egin ziran 2023an

Bizkaie! 2024-02-15 11:03   Kulturea

Ekitaldi gehienak, kontzertuak izan dira (5.569).

Euskal Herriko jaialdi garrantzitsuenetako bat, Bilbao BBK Live. | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturearen Euskal Behatokiak EAEko kultura programazinoaren azterketea. 2023. urtea txostena kaleratu dau gaur. 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra programautako kultura-ekitaldiak kontuan hartuta, guztira 17.235 ekitaldi programau ziran Euskadin. Halanda ze, aurreko urtean baino % 6 gehiago (2022an 16.221 kultur ekitaldi). Datu horreek, Kulturklik-ek jasoten dauen agendan oinarritzen dira.

2023an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kultura jardueren banaketea ondokoa izan da:

  • Kontzertuak: % 32,3.
  • Antzerkia: % 20,9.
  • Ikus-entzunezko proiekzinoak: % 10,1.
  • Erakusketak: % 7,2.
  • Hitzaldiak: % 7.
  • Bertsolaritzea: % 6,2.
  • Jantzea: % 4,3.
  • Bestelakoak: % 12.

Ekitaldi gehienak, kontzertuak izan dira,  5.569 guztira hain zuzen be, aurreko urtean baino % 6 gehiago. Ordainpeko kontzertuen batez besteko prezioa 14,4 eurokoa izan da. Bizkaian programau dira kontzertu gehien (% 44,6), ondoren Gipuzkoan (% 41,5) eta Araban (% 13,9). Era bereabn, euskerea izan da musika-emonaldietan gehien erabili dan hizkuntzea (% 27).

Antzerkiari jagokonez, 2023an 3.601 ekitaldi izan ziran (guztira, 4.562 emonaldi edo funtzino), eta ekitaldi bakotxeko batez besteko prezioa 10,9 eurokoa izan zan. Ikuskizun horreen erdia baino gehiago Bizkaian izan ziran (% 50,4), % 35,1 Gipuzkoan eta % 14,5 Araban. Hizkuntzeari jagokonez, funtzinoen % 44,1 gaztelaniaz izan ziran eta % 41,2 euskeraz. Horrezaz gan, 2023an Euskadin taularatutako funtzinoen % 43 umeei eta/edo familiei zuzenduta egoazan.

2023ko Euskadiko kultur programazinoaren analisiaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 742 jantza-ekitaldi izan ziran, aurreko urtean baino % 8,3 gehiago. Ordainpeko jantza-ikuskizunen batez besteko prezioa 13,4 eurokoa izan zan eta jantza garaikidea izan da Euskadiko agertokietan presentzia handiena izan dauen generoa, antzezpen guztien % 66,6, hain zuzen be; ondoren, ballet klasikoa (% 4,9).

Kulturearen Euskal Behatokiaren txostenak 1.233 erakusketa be batzen ditu. Erakusketen % 48,6 Bizkaian egin ziran, % 32,8 Gipuzkoan eta % 18,6 Araban.

Ganera, 1.065 bertso-saio egin dira Euskadin, gehienak Gipuzkoan, % 53,4, ondoren Bizkaian (% 36,6) eta Araban (% 10).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu