Eugenio García Gascón-ek Gaza izango dau ardatz

Bizkaie! 2024-02-15 10:28   Kulturea

Gaurkotasunaren aurreko Topaketak zikloaren barruan.

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak Gaurkotasunaren aurreko Topaketak zikloaren beste hitzordu bat atondu dau, hilak 22an, martitzenean, Dani Alvarezen eta Mikel Reparazen gidaritzapean.

Hitzordua, Guerra de Gaza ¿Miedo al contagio?, izenburupean, 19:00retan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiaren Areto Nagusian eta Eugenio García Gascón kazetariak hartuko dau parte.

Gaurkotasunagaz Topaketak dibulgazino-zikloa da. Bertan, zorroztasunez, akademizismotik kanpo pil-pilean dagozen gaiak sakon aztertzen dira. Horretarako, gai bakotxean adituak diran personak dagoz, eta ahalik eta modu didaktiko eta arinenean eztabaidauko dabe.

Gazako gatazkeak beste tensino-gune batzuk sorrarazo ditu Ekialde Hurbilean, gerrea eskualde osora zabaltzeko bildurra nagusituz: Hezbolàk Libanon dauen papela, Egiptok eta Jordaniak estadu palestinar baten proposamenaren aurrean daben jarrerea, Iran eta horrek Itsaso Gorriaren blokeoan dauen eragina, Estadu Batuak eta Israelgo zerbitzu sekretuek horreen mugetatik kanpoko hilketak eginez izandako jokabidea. Horrek guztiak, beste gerra baten metxea piztuko al dau? Eugenio García Gasconegaz aztertuko dira gai guztiak.

Eugenio García Gascón (Bartzelona, 1957)

Israel eta palestinako gatazkan aditua da. 1991n Ekialde Hurbilean bizi izan zan, eta hamarkada bi baino gehiago emon zituan bertan. 2010ean, kazetaritzako Cirilo Rodríguez saria emon eutsen, Gazako ontzidiaren kontrako erasoaren gatazkearen gorabeherak zabaldu ondoren. Hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste, Israel en la encrucijada. Crónicas de un sueño imperfecto (2004) eta La cárcel identitaria. Dietario de Jerusalén (2013). 29 urtez lan egin eban Diario 16, Público, El Correo, Ara eta Radio Euskadin.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kultureari eskainitako gunea da. Helburuen artean kulturea, literaturea eta zientzia sustatzea dago. Sartzea doban izango da eta bertaratzerik ez balego streaming bidez jarraitzeko aukerea izango da hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu