Aritz Olagoi: 'Metodologiaren bidez, hizkuntzearen garrantzia gogorazoten dogu'

Andoni Mugica Lopez 2024-02-19 07:55   Barriketan

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializautako Aritz Olagoik jaso dau lehen edizinoko Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriaren eskutik. Euskerea kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta Kirol Entrenamenduetan Euskerea Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagaitik, batez be, jaso dau saria.

Metodologia horrek kirol hezitzaile-entrenatzailea dau helburu, bera baita euskerearen erabilerea sustatzeko arduradun nagusia. Entrenamendu saioak euskeraz gidatzeko gaitasuna daben entrenatzaileak euskeraz egingo deutse umeei beti eta entrenamenduetan zein partiduetan informazinoa, aginduak eta zuzenketak euskeraz emongo ditu. KEES metodologiaren bidez entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutuko ditue gaur egungo elebitasunezko errealidadeak umeakaz dogun komunikazinoan sortutako egoerak kudeatu ahal izateko.

Olagoi Psikologian Lizenziatua da eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializauta dago. Haren ibilbide profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskerearen inguruan egin dau.

 

 1.- Zorionak Aritz, Kiroletik Bagoz Euskaraz saria irabazi dozu. Zelan sentiduten zara?

Eskerrik asko. Inondik inora ez neban espero. Urte asko daroadaz kirol psikologian eta horrezaz gan, euskerea kirolean sustatzeko ekinemetan parte hartzen dot, baina guztiz ezustekoa izan da. Aurten sortutako saria da eta banekian Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikako sailburuordetzeak martxan jarteko asmoa ebala, baina okurridu be ez jat egin saria emongo eustenik.

Sekulako poza emoten deust. Alde batetik, egindako lana autortua izanagatik, eta beste alde batetik, ikusita zeintzuk izan diran beste hautagaitzak, are gehiago, izan be, izugarrizko mailea dago. Egia esan, talde oso polita osotu dogu.

2.- Euskerea kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu dozuz, horreen artean, Kirol Entrenamenduetan Euskerea Sustatzeko (KEES) metodologia. Ez dakianarentzat, zertan datza metodologia hori?

Kirol alkarteetan hizkuntzearen eta euskerearen erabilera bultzatzeko baliabideak edota bideak errazteko pentsautako metodologia da, entrenatzailea ardatz hartzen dauena.

Entrenatzailea da euskeraz egiteko betebeharra daukana eta horrezaz gan, balioetan eta kirol irakaskuntzan eredua danez, metodologiaren oinarrian dago erresponsabilidade hori hizkuntzean aurrean. Beraz, erreferentea bihurtzen da ume eta gazteentzat, izan be, entrenatzaileak euskeraz egiten badu, aukerea gehiago egongo dira gazteek euskeraz egiteko.

Jarraipena be garrantsitzua da; denporaldian zehar, metodologian parte hartzen daben artean jarraipena, laguntzinoa eta aholkularitzea eskaintzen deutsegu. Ganera, urtean zehar, ebaluazino bi egiten doguz, ume eta gazteen hizkuntza ohiturak aldau diran ala ez jakiteko. 

3.- Izan be, euskereak, kirolean be, zailtazuna izaten jarraitzen dau. Honi bueltea emoteko egitasmoa dala esango zeunke?

Bai, baina danon beharra dagoala uste dot. Metodologia bakarra ez da nahikoa. Geure kasuan, kirol alkarteei laguntzinoa emoten deutsegu hizkuntzearen gaia harira ekarten, izan be, askotan, ez da kontuan hartzen edo bigarren maila baten ixten da. Horren arrazoia guztiz ulergarria da; gaur egun, kirol alkarte asko bolondresei esker egiten dabe aurrera eta nahiko lan da hori (kontratazinoak, fitxak, eguneroko lanak...). Beraz, ama hizkuntzea bigarren mailan geratzen da.

Geure metodologiaren bidez, hizkuntzearen garrantzia gogorazoten dogu eta klubei erispide gitxi batzuk marketan deutsegu, hizkuntzearen aurrean sensibilisazinoa sustatzeko eta hizkuntzearen erabilerea bultzatu deien alkarteetan.

4.- Orain dala gitxi Jagoba Arrasategaz, Osasunako entrenatzailea, egondako polemikearen inguruan zer eretxi dakazu? (Espainiako kopako prentsaurreko baten, Euskal Herriko hedabide batek gaztelaniaz galdetu eutsen eta Arrasatek euskeraz erantzun eban).

Neure ustetan, inertziak eta presinoak sortu eben egoera hori. Kazetaria, Asier Ganuza, orain dala urteak ezagutzen dot, izan be, uda ikastaro bat atondu genduan Euskara eta Kirola izenekoa eta bertan egon zan. Euskalduna dan eta erabat sensibilizauta dagoan kazetari batek be, holako testuinguruan, ganerako komunikabideak gaztelaniaz egiten dabenean, inertziak hori egitera eroaten deutso batzuetan.

Kasu horretan, Jagobak berak erakutsi eban daukan indarra. Halanda ze, holako kontestuetan nabarmentzen da ez dala erreza; nahiz eta borondotea eta euskalduna izan, inertzia batzuk haustea oraindino be kosta egiten da.

5.- Inoiz baino gehiago ikusten gabiz mentalki zelan eragiten dauen eliteko kirolak; esaterako, kaleratu barri dan Subcampeón (Zuhaitz Gurrutxaga) liburuak horri buruz egiten dau berba. Gero eta normalagoa da gai hau jorratzea?

Bai, egia da osasun mentalari buruz berba gehiago egiten dala. Egoera mentalak dauen garrantziaz, bai kirolean bai bizitzan be. Gurrutxagaren Subcampeón liburuaz gan, azken urteetan adibide ugari egon dira, esaterako, Simon Biles atletearen kasua: osasun mentalari jagokon arazo baten ondorioz, uko egin eutson olinpiar jokoetako finalean parte hartzeari. Oihartzun handiko kasua izan zan kasu hori.

Holako kasuak ondo dagoz, izan be, osasun mentala garrantzitsua da eta edozeine arazoak izan leikezala erakusten dabe.

6.- Ganera, ez da bakarrik zelaian edo kantxan pasetan dana; eretxi publikoa, hedabideak, sare sozialak, familia... Gauza edo forma askotan etorri leitekez eretxiak edota kritikak. Gero eta gatxagoa da horreek modu egokian kudeatzea?

Bai, esango nuke urte askotan eta bereziki azkenotan, kirolak beti izan dauela holako ohiartzuna eta komunikabide guztietan egoteko jokerea. Egia da, kirolari eta entrenatzaile profesionalak presinoaren aurrean ohituta dagozala edo hori pentsetan dogu baina askotan ez da holan izaten.

Ganera, gaur egun, sare sozialak gehitu behar doguz; edonork idatzi leike edozer gauza kirolarien errendimenduari edo emoitzei buruz. Halanda ze, geure eretxiz kirolariak ohituta dagoz holako egoerei aurre egiteko, izan be, oso onak dira eta errendimendu handia emoten dabe presino aurrean, baina ez dauka zertan izan horrela. Denok gara personak eta denok doguz geure zalantzak eta zailtazunak.

7.- Zer gomendio emongo zenke egoera horri aurre egiteko?

Askotan, espektatibak oso altu jarten doguz eta arazoak sortu daitekez, izan be, helburu horreetara heltzen ez bagara, ansiedadea eta estresa sortzen dira. Holakoetan, erlatibizetan ikasi behar da; emoitzeari ez begitutea, alde batera itxi eta geure errendimenduan konzentretea, geure posibilidadeetan, hain zuzen be. Ez dot nahi esan erronkak ez dirala jarri behar, baina, beti be, helburu errealistak finkatu behar doguz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu