Aritz Olagoik jaso dau 'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' saria
2024-02-15 08:11 Euskerea berbagaiKirol Entrenamenduetan Euskerea Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagaitik.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializautako Aritz Olagoik jaso dau lehen edizinoko Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriaren eskutik. Euskerea kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta Kirol Entrenamenduetan Euskerea Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagaitik, batez be, jaso dau saria.
Eusko Jaurlaritzeak sortutako sari horren bidez, egunerokoan euskerearen erabilerea sustatzen daben kirol klubak eta norbanakoak saritzeko idea dago. Ekitaldian, Bingen Zupiria sailburuak adierazo dauenez, euskerearen bizi-indarra dogu jokoan eta eremu formalez gan, eremu ez formalak be irabaztea izango da geure hurrengo urteotako erronka nagusia. Esangura horretan, urtarrilean Eusko Jaurlaritzeak onartutako AROA Marko Estrategikoa aitatu dau sailburuak eta aisialdia eta kirolaren eremuak gazteakana heltzeko esparru egokienetakoak dirala gehitu dau.
Aritz Olagoi
Aritz Olagoi Psikologian Lizenziatua da eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializauta dago. Haren ibilbide profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskerearen inguruan egin dau; arlo horretan, euskerea kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta Kirol Entrenamenduetan Euskerea Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagaitik jaso dau autortzea.
Metodologia horrek kirol hezitzaile-entrenatzailea dau helburu, bera baita euskerearen erabilerea sustatzeko arduradun nagusia. Entrenamendu saioak euskeraz gidatzeko gaitasuna daben entrenatzaileak euskeraz egingo deutse umeei beti eta entrenamenduetan zein partiduetan informazinoa, aginduak eta zuzenketak euskeraz emongo ditu. KEES metodologiaren bidez entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutuko ditue gaur egungo elebitasunezko errealidadeak umeakaz dogun komunikazinoan sortzen diran egoerak kudeatu ahal izateko.
Lehen edizinoko hautagaitzak
Lehen edizinoan 11 hautagaitza ebaluau dira eta autortzea be jasoko dabe ekitaldian:
- Aritz Olagoi.
- Añorga Kultur eta Kirol Elkartea.
- Oarsoaldeko Kirol Lan-Mahaia.
- EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (IVEF).
- Gaztedi Rugby taldea.
- EHUko GIKAFIT Ikerketa taldea.
- Oihana Azkorbeitia.
- Ostaiska Egia.
- Arritxu Iribar.
- Ibon Oregi.
- Pou Anaiak.
Sariak 2021-2024 Kirolean Euskerea Sustatzeko Planean dau bere jatorria eta urteroko edizinoak izango dira aurrerantzean. Egitasmo horren bitartez, kirolean euskerearen erabilerea era sistematikoan lantzen daben klubak eta personak autortzea eta kirol arloan euskerearen erabilerea gizarteratzea dau helburu.
Kirolean euskerearen erabilerea
Kiroletik Bagoaz Euskaraz Saria ez dala kirolean euskerearen erabilereak prestigioa bereganatzeko ekintza bakarra, izan be, ekintza horreek be batzen baitabe Kirolean Euskerea Sustatzeko Planak: euskerazko material didaktiko erakargarriaren produkzinoa sustatu; tokiko kirol komunidade digital barria MATX martxan jarri; eta izen handiko taldeakaz sustapen kanpaina bateratuak bideratu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!