Ibilian-ibilian, Algortan eta inguruetan
2024-02-16 07:55 Ibilian-ibilianOraingoan, etxetik hur ibiliko gara.
Kanarietan ibili gara azken artikuluetan; orain, barriz, etxe ingurura joko dogu. Horrek, ostera, ez dau esan gura honakoa ikusgarria ez danik; akaso, ez horrenbeste eguraldi aldetik, baina hitzordu ederra egingo dogu.
Hasteko, TAO bako zonaldean autoa aparketea ez da lan erraza izaten Algortan, halanda be, Portu Zahar inguruan badago aukerea. Bizkaiko uri honek, hainbat auzo hartzen ditu eta euren artean ezagunena, Algorta dogu. Bertan, Portu Zaharra daukagu; pintxoak jateko, horma zuri ederrak eta arrantzale kutsuko kaleak eta tabernak, begi aurrean kostaldeko zapore ederrak probetako.
Hainbat dira Portu Zaharrean dagozan tabernak eta kontraste eta aniztasun ikusgarria osotzen dabe, Getxoko jauregiak eta paisajea buztartuz. Mundu bi, ikuspegi bi. Kaletik barrena, goitik behera, eskaileretatik hara eta hona, lehengo marinelen bizileku ziran antxinako eraikinak, taberna-giro bete-betean.
Bizkaiko Getxo herria historia eta tradizino handikoa da, duda barik, eta zehatz, XVIII. mendean dau jatorria. Merkataritzeak aparteko garrantzia izan eban eta herri batzuen pribilejioak izan ez arren, ontzi txikietako arrantzaleei esker, oso ezaguna egin zan.
Tripea beteta eta kaleetatik paseoan, giro itzela dago, beti be, eguzkia bidelagun izanda hobe. Ganera, ibilbideak egiteko tarte ederrak daukaguz: alde batera, Arrigunagako hondartzea dogu eta bertatik, Aixerrota begiratokian gelditzea merezidu dau eta horren ostean, Punta Galeako pasealekutik barrena, Sopelara, badago non ibilia eta.
Beste aldera, Portu Zaharrean kokatuta barriro, beste ibilbide bat proponiduten deutsuet, hau da, Ereagako hondartzearen aldamenetik ibiltea, izan be, oso zainduta dagoan pasealekua da eta oinezkoak lehenesten dira. Ibilian-ibilian, kirol portura heltzen gara, eta handik, itsasargiraino joan gaitekez, itsasertzetik, surflariak ikusiz.
Itsasargira heltzean, atzera egin eta kirol portura bueltaukeran, Negurin sartuko gara. Jauregien pasealekua dogu hauxe, sano bitxia dana. Bertatik, Areetarantz jo eta nahi izan ezkero, Bizkaia Zubia erabiliz Portugalete bisitetako modua izango dogu.
Beraz, oinezkoak lehentitsako lekuak dira, ikuspegi ederrak, jateko eta edateko onak eta itsasoaren kresala aldamenean,etorri eta gozau!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!