Loraldia Festibalak 'Munduari begiratzeko modu bat' erakutsiko dau
2024-02-15 07:50 KultureaHamargarren urteurrena martiaren 1etik 23ra izango da.
Loraldia Festibalak 10 urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobil honetan, euskerea ardatz hartuta sortzen dan mundua ikusteko begirada propioa erakutsiko da, euskerazko kulturearen topagune nagusienak 28 ikuskizun atondu ditu, Bilboko hainbat gune 120 artista baino gehiagoren ekitaldiez beteko dira 13 espaziotan. Prentsaurreko honetan parte hartu dabe: Eider Inunciaga Serna, Bilboko Udaleko Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako Saileko zinegotzi ordezkaria; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol saileko foru diputadua; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; eta Imanol Agirre, Loraldiako programazino artistikoaren arduraduna.
Munduari begiratzeko modu bat, horixe da Loraldia Festibaleko aurtengo goiburua, Kirmen Uribek idatzitako poema batean jasoa, aurtengo festibalaren programazinoan parte hartzen dauen Munduari begiratzeko modu bat ikuskizunak eskainiko dauena, hain zuzen be.
Aurtengo Loraldia Festibalak martiko hiru astetan zehar euskeraz sortzen dan kultura eskaintzaren munduko txoko guztien erakusleioak herritarren aurrean jarriko ditu, besteak beste, bertsolaritzea, teatroa, musikea, zinea, jantzak zein ikus-entzunezkoak.
Euskal munduan erreferenteak diran hainbat izen izango doguz gure artean: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda, Patxo Telleria, 120 sortzailetik gora.
Loraldia Festibala sortzaile gazteentzako espazioa be bada, eta horregaitik Loraldia Terminalean zenbait artista emergente agertuko dira: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga, Eñaut Zubizarreta...
Euskal kulturearen erakusleiho izateaz gan, Loraldia Festibala kulturearen eragile be bada eta horregaitik aurten be produkzino propioak edo Festibalerako beren-beregi sortutakoak izango dira.
2024 Festibalerako sortutako piezak
Urtero-urtero, Loraldiak euskal kulturan parte hartzen dau Festibalerako produkzino propioak produziduten. 2022. urtetik Loraldiak Sormen Digitala Bekea eskaintzen dau euskal sortzaile zein eragileei zuzendutako proiektu digital bat sortu eta produziduteko laguntzea. 2022ko bekearen irabazleen uztea aurtengo Loraldia Festibalean estreinauko da: Gorputzaren atzean izeneko emonaldia, mundu digitala eta analogikoa batuko dituana.
Ganerakoan, Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean, esaterako, da horreetako bat. Naturea eta kultura, gure identitatearen zutabeetako bi, buztartzen dituan proiektua da.
Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ikuskaria be 2024ko festibalean ikusiko da lehenengoz.
Musikea
Aurtengo festibalak musikearen presentzia dakar eta, besteak beste, Sustraien Matxinada ekitaldian, kasu, folklorea, jazza eta musika klasikoa buztartuko dira, eta literatuera izango dabe lagun. Lantalde apartak eskainia: Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal, Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbao.
Egungo euskal musika taldeak be izango doguz, besteak beste, Neomak, Ai gure juaneteak! Patxo Telleriaren proposamen barria da, Loraldia Festibalean estreinauko da, Adrián Garcia de los Ojos eta Maider Lopez tarteko dirala.
Jean Mixel Bedaxagar eta Jon Maia be gure artean izango dira.
Literatura, berbaldiak eta gogoetak
Gogoeta egiteko eta pentsarazteko tartea be izango da Loraldian; Euskara Bihar berbaldi-saioak hirutan izango ditugu festibalean, euskerearen etorkizunaren inguruko hiru gogoeta diferente. Jon Sarasuak, Xan Airek eta Gartzen Garaio Atxurrak gure hizkuntzearen etorkizuna, hizkuntzeak dituan eta izango dituan erronkez, Iparralderen eta Arabaren egoeraz... hausnartuko dabe.
Uxue Alberdik eta Begoña Durrutyk ipuinak ekarriko deuskuez.
Ezin ahaztu Ainara Lasa, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña, narrazioak, irudiak, bertsoak eta musikea buztartuz.
Jantza, zinema, teatroa
Dada ü Lala eta Arma Tiro Pum aurtengo festibalean estreinauko diran teatro pieza txiki bi dira. Alde batetik Josune Mendizabalen eta Ane Gebararen umore absurdoa bueltan izango dogu oholtzetan.
Eta, bestetik, Aitor Vinagret izango dogu protagonista. Artxibo Biluzia ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkia lotzen dituan obrea da.
Iparraldeko dantza talderik nabarmenetako baten esfortzuaren emoitzea da Bilaka kolektiboaren Mitologia Txikiak ikuskizuna. Euskal mitologia oinarri hartuta, zenbait jantza pieza sortu ditue gure irudimen kolektiboko ipuin eta kondairak irudikatuz.
AMAraunek amatasunaren gaiaren gaineko Oihana Iguaranen proposamena, Amaiur Luluaga bidelagun izango dauela.
Zinemearen arloan, Bizkarsoro, Josu Martinezek zuzendutako film luzea.
Harrobi Dantza Konpainiaren Geure(R)a ikuskizunagaz agurtuko dogu Loraldia Festibalaren 10. edizinoa, hainbat disziplinaren buztarketea.
Loraldia Terminala, sormen barriaren harrobia
Loraldia Festibalak talentudunentzako espazioa: Loraldia Terminala. Aurten, hiru ikuskizun egongo dira Loraldiako sormen barriaren harrobian: Itzal(iko) bagina; Doodem, Trigger; eta Sarri min ematen du akordatzeak.
Lorazainak eta Lorazain Eguna
Loraldiagaz eta euskal kultureagaz lotura zuzenagoa nahi dabenek Lorazain egiteko aukerea dabe eta urttean zehar egiten diran hainbat ekimenetan parte hartzeko aukerea izango dabe, informazio esklusiboa eta aurretiazkoa, sarrerak lehentasunez eta prezio berezian hartzeko aukerea, Lorazainentzako diran ekintzetan parte hartzea.
Loraldia Festibalean, Lorazainentzako atondutako Lorazain Eguna (martiaren 9an) be izango da. Aurten Oma ikuskizunaren estreinaldia izango dogu, Basabi taldearen azkenengo musika lana.
Horrezaz gan, Lorazainek 2024ko Loradia Festibaleko ekitaldi pakete berezi bat erosteko aukerea izango dabe prezio murriztuan.
Babesleak
Loraldia Festibala burutu ahal izateko ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza. Edizio honetan, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak baina Eusko Jaurlaritzearen eta Laboral Kutxaren laguntzea be ezin ahaztu.
Bestalde, Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta alkarteen arteko alkarlana sustatzen dau eta ekimen ugari kolaborazinoari esker plazaratzen dira. Hamargarren edizino honetan be, badira alkarlan bereziak: Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea (EKE), Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programea, Berriak babestutakoa, Elkar, ZAWP, UPV/EHUko Bizkaia kultura eta Mikel Laboa Katedrea, SGAE Fundazinoa eta KOT.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!