Jose Mari Esparzak 'Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria' jasoko dau

Bizkaie! 2024-02-14 07:50   Kulturea

Saria martiaren 7an emongo deutse Bergarako Seminarixoan.

Gorka Artola Alberdi eta Iratxe Esnaola Arribillaga. | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Mari Esparza (Tafalla. 1.951) idazle eta editoreak jasoko dau Olaso Dorrea Fundazinoak eta Bergarako Udalak alkarlanean lantzen daben Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria. Holan jakinarazo dabe Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik eta Olaso Dorrea Fundazinoko presidente Iratxe Esnaola Arribillagak Olaso Dorrean, Telesforo Monzonen jaiotetxean, eskainitako prentsaurrekoan.

Martiaren 7an, Bergarako Seminarixoan izango dan ekitaldi publikoan jasoko dau Esparzak merezidutako saria. Bergarako alkatearen berbetan, belaunaldi barriok ez dogu ahaztu behar Jose Mari eta besteei esker jaso dogun oinordetzea. Bizitza guztian Euskal Herriaren alde lan egindakoa da Joxe Mari. Haren lanek euskal gizartea, hizkuntzea eta kulturea ikuspegi barri batetik argitzen dabe, eta geure ardurea da lekuko hori jasotea.

2021ean, Telesforo Monzon hildako 40. urteurrenean, sortu ziran Monzon-Ganuza sariak. Euskal Herriari, kulturea, hizkuntzea, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini deutsen bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak autortzea dau helburu. Lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari emon eutsien, eta bigarrena Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri. Igazkoa, barriz, Xabier Amuriza bertsolariak jaso eban.

Kasu horretan be, Esparzak bat egiten dau Monzon-Ganuza sarituak aukeratzeko erabilten diran printzipioakaz eta euskal kulturgintzeari bizi osoko ekarpena egin izana nabarmendu dabe Esnaolak eta Artolak.

Jose Mari Esparza

Iruñeko salestarren eskolan egin zituan ikasketak eta 17 urtegaz hasi zan lanean, orduan Luzuriaga eta orain Fagor Ederlan deitzen daben fabrikan. 20 urtez izan zan metalgintzako langile eta sindikalista bezela, langileen eskubideak defendiduten. Fabrikan erabili eban lehen aldiz inprenta bat, panfletoak egiten ikasiz eta Fusión obrera aldizkari klandestinoa argitaratuz. Luzaroan, Jose Mari Esparza fabrikan lan egiten eban editore militantea izan zan.

1987an, Juanjo Marko lankideatzeagaz batera, fabrikako lana ixtea erabagi eben eta Tafallan bertan, Altafayllan erakutsitako espiritu militante berberagaz, argitaletxe euskaldun, aurrerakoi, profesional eta abertzale bat zabaltzea. Arbasoek komuniketako erabilten eben perkusino-tresnearen izena jarri eutsen, Txalaparta. Tafallako euskal argitaletxea, Euskal Herriko argitaletxe historiko bilakatu da.

2018an, editore bezela Txalapartan egindako lana oinarri hartuz, Apología. Memorias de un editor rojo-separatista, Txalaparta, 2018 liburu biografikoa idatzi eban eta Iparragirreren kantu ezaguna Euskal Herriko ereserki bihurtzeko mobimentuari bultzadea emon eutson. Horrezaz gan, azken aldian liburu bi publikau ditu, Biografía del Gernikako Arbola. Himno de Euskal Herria, (Txalaparta, 2020) eta Gernikako Arbolaren biografia (Altaffaylla 2020).

Urrunetik gatoz eta urrunera goaz, eta bide horretan Jose Mari Esparza moduko erreferenteak behar doguz iparra ondo zehazteko. Batzuetan Gipuzkoatik han urrun ikusten dogun Nafarroa hegoaldeak erakusten deusku Euskal Herriak badauela etorkizuna, baina ez dala erraza izango, adierazo dau Artolak.

Urtero lez, Esparzari eskainiko deutsen saria euskal artista batek landuko dau eta, nor izango dan erabagiteko, aditu talde batek proposamenak aztertuko ditu:

  • Xabier Agirre (Margolari eta Bergarako Beart arte alkarteko lehendakaria).
  • Jesus Mari Lazkano (margolaria).
  • Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa).

Saria emoteko ekitaldia martiaren 7an izango da Bergarako Seminarixoa aretoan, 18:30etik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu