Badator XXIII. 'Musika-Música' Jaialdia

Bizkaie! 2024-02-12 13:38   Musikea

Martiaren 1etik 3ra bitartean izango da.

Bilboko Udalak atondutako Musika-Música jaialdiak 23. edizinoa martiko lehenengo asteburuan egingo dabe, Irudiak izenburupean. Halanda ze, musika klasikoa Bilbon entzungo da hiru egunetan 76 kontzertu tarteko dirala. Arriaga Antzokian egingo dan edegiera-kontzertua izan ezik, programazinoa Euskalduna Bilbaon izango da.

Martiaren 1ean, barikua, 19:00retan, Arriaga Antzokiak edegiera kontzertua jasoko dau Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Alkartearen eskutik, Lucas Macíasen zuzendaritzapean, Jesús Guridiren Eusko Irudiak eta Modest Myssorgskyrek Maurice Ravel-en orkestrarako egindako Cuadros de una exposición lanagaz; besteak beste, Beethoven, Falla, Granados, Debussy eta Ravel konpositoreen musikak irudi literarioak, Goya lako artisten margolanak eta naturearen eszenak gogora ekarriko ditu.



Zinemeak be, presentzia izango dau Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoaren kontzertuekaz, Leonard Bernsteinen musikeagaz eta Bilboko Udal Bandeagaz, izan be, azken horrek domekan M. Peetersen Suite sobre las melodías de C. Chaplin interpretauko dau, Antón Alcaldek The pawnshop  laguntzeko idatzitako soinu-bandeagaz, Charles Chaplinen izen bereko filmako proiekzinoak lagunduta.

Alkateordeak, Amaia Arregik, Kultura eta Gobernu Zinegotziak, Gonzalo Olabarriak eta Begoña Escribanok, Jaialdiko Zuzendariak, Arriaga Antzokian aurkeztu dabe jaialdia.

Bilbo, musika klasikoaren Europako uriburu bilakatuko da barriro eta ganbera-orkestra eta orquestra sinfonikoak, laukoteak, hirukoteak, instrumentistak eta ahotsak batuko ditu, danak nazinoarteko ospe handikoak, publiko guztia, bertakoa, kanpotarra, musika klasikoaren zalea eta ezagutzailea, baita familiak be, erakarteko sortutako programa batean, Amaia Arregik nabarmendu dauenez.

Guztira, hiru egunetan zehar, 1.000 profesional eta 700 interprete gazte inguruk parte hartuko dabe 76 kontzertu batuko dituan programan. Musika maratoi bat, 45 minutuko iraupenaz, eta prezio herrikoiagaz, adierazo dau Gonzalo Olabarriak, Kultura Zinegotziak.



Musika zazpi espaziotan, aldi berean

Auditoriumak eta 0B aretoak kontzertu sinfonikoak eta koralak jasoko ditue. Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa eta Madrilgo Erkidegoko Orkestra izango dira Auditoriumeko oholtzan. 0D aretoak, barriz, Bayerische Kammerphilarmonie, Academy of St Martin in the Fields, Leipzigeko Mendelsshon Ganbera Orkestra, Les Dissonances edo Sevillako Orkestra Barrokoaren kontzertuak hartuko ditu.

0D aretoan ganbera kontzertuak izango dira, Schumann, Bach, Telemann, Mozart, Haydn, Vivaldi, Beethoven, Chopin eta Enrique Granados lako 20 ikuskizun. Errezitalentzako espazioa be izango da 0A aretoa, Ravel, Debussy edo Falla lako autoreen musikaz gozetako.

0C aretoak, barriz, Musika eta artelanak gaiari buruzko mahai-inguru bat hartuko dau, César Cocak moderauta eta Miguel Ángel Marín Juan March Fundazinoko musika-zuzendariaren, Isabel Urrutia konpositorearen eta Isabel Villanueva biolin-jotzailearen partaidetzeagaz.

Interprete gazteek Kioskoan izango dabe bere espazioa. Bertan, erkidego askotako konserbatorio eta musika-heziketa zentro askotako 700 gaztek jardungo dabe.

Espazio horretan, ganera, Kantamundi programearen edizino barri bat jorratuko da, Musika-Música Jaialdiak eta Bilboko Koral Alkarteak 2022an martxan jarritakoa; ikasketa-zentro ugari batuko dituan koro-sare bat sortzea dau helburu.

Urtero lez, zinemeak be atal propioa izango dau, bariku eta domeka arratsaldean César Coca kazetariagaz eta Patricia Sojo musikologoagaz egingo diran saioakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu